Oñatiko udala

ARGITZEN prozesua abiatu da Debagoienean

2025/06/05
Card image cap
Herritar eta eragileen artean Debagoieneko energia trantsizioaren norabidea adostea da helburua

  Debagoienean energia trantsizioaren inguruan eman beharreko urratsak adostu eta gauzatzeko deliberazio prozesua da Argitzen. Askotariko eragile eta pertsonen inplikazioaren bidez, eskualde mailan eman behar den norabide aldaketa adosteko proposamena da. Izan ere, energia trantsizioaren baitan, herritar eta eragile orok dagozkion ardurak hartu beharko baititu. Horregatik, denen arteko hausnarketa partekatua sustatzen du Argitzen prozesuak.

  Energia eredua aldatzeko aukera ezberdinak aztertu eta noranzkoa erabakitzeko faseari ekingo zaio orain, bi zutaberengan oinarrituta: herritarren batzarra eta mandatu organoa; Herritarren batzarrak gomendio emango ditu eta Mandatu organoak horiei erantzuna eman beharko die.

  Mandatu organoa gogoeta partekaturako prozesu honen sustatzaile eta erabakigune nagusia da. Sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragilek osatzen dute, eta tartean dira Debagoieneko eta Aramaioko udalak eta eskualdeko enpresa eta energia zein landa inguruneko hainbat elkarte. Herritarren batzarra, berriz, osatzeko dago. Debagoieneko 50 herritar aukeratuko dira zozketa bidez eta energia eredua norantz aldatu behar den gaiaren inguruan elkarrekin eztabaidatzera gonbidatuko dira. Udazkenean egin asmo diren bost saiotan zehar, gaiari buruzko ezagutza eta proposamenak lantzeko laguntza jasoko dute eta gomendio-sorta bat osatu beharko dute, Mandatu organoaren esku uzteko. Mandatu organoak gomendio horiei erantzuna emateko konpromisoa hartu du.

  Eskualdean energia trantsizioaren inguruan adostasunak lantzeko prozesua ez da ezerezetik sortu; Debagoiena 2030 sareak orain bi urte ekin zion proposamen aztertzeari eta prozesuaren oinarriak ezartzeko fasetik eratu da Argitzen prozesuaren talde sustatzailea, Mandatu organoa. Debagoiena energia kontsumo handiko eskualdea da, besteak beste, ehun industrialak eskualdean duen garrantziarengatik eta bizi ereduarengatik. Dagoeneko eraldaketa energetiko, ekologiko, sozial eta ekonomikoa gertatzen ari da. Debagoiena eskualdeak garapen eredu iraunkor baterako bidea bultzatu beharko du, eta horrek energia kontsumoa gutxitzea eta energia berriztagarrien garapena eskatzen du. Baina zein mailatan garatu beharko liratekeen definitu behar da. Deliberazio horretan herritar zein eragileak inplikatzea da Argitzen prozesuaren helburua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!