88 lagun kontratatuko ditu Udalak, udako aisialdi eskaintzari erantzuteko

Bi aste pasatxo falta dira Uda kanpaina, Arte udalekuak eta Udaleku irekiak martxan jarri daitezen eta azken prestaketa lanak egiten ari dira bateko zein besteko arduradunak. Udako aisialdi eskaintzari aurre egiteko begiraleen aukeraketa prozesuak burutu dira eta hautatutakoak udaletxetik pasatzen hasi dira kontratua sinatzera. Guztira, 88 lagun kontratatuko ditu udalak, hilabeterako.
Begiraleek formakuntza eta prestakuntza lanak egingo dituzte ekintzei hasiera eman aurreko egun/aste hauetan. Hala, udaleku irekietan jardungo dutenek bi formakuntza saioa izango dituzte, ekainaren 7 eta 14an. Larunbat honetako saioa trinkoa izango da, 9:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 18:00etara eta datorren larunbatekoa, goizez bakarrik. Biak, Eltzian egingo dira, udaleku irekien topalekua han izango baita. Arte udalekuetan eta Uda kanpainan arituko diren begiraleak berriz, ekintzak hasi aurreko astean egingo dituzte prestakuntza saioak.
Gurasoak ere gogoan hartu dira eta udaleku irekien inguruko informazioa emateko bi bilera izango dira beraiekin datorren astean, euskaraz, ekainaren 16an, eta gazteleraz, hurrengo egunean, 17an; Eltzian izango dira, 18:00etan hasita.
Udaleku irekietan 488 haurrek hartuko dute parte eta Eltzia izango dute elkargune nagusi, lehen aipatu bezala, Arte udalekuetan beste 65 neska-mutiko ibiliko dira eta Gaztelekua izango dute elkartzeko leku.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!