Oñatiko udala

Energia berriztagarriak Oñatiko udalerrian gaia landu nahi du udalak ingurumen arloko ikerketa bekan

2017/04/26
Card image cap
2017-2018 deialdia GoiEner kooperatibarekin batera egin da

  Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak 2000 eurokin lagunduko du 2017-2018 Energia beka hau. Hala, guztira, bekaren irabazleak 14.000 € jasoko ditu ikerketa lana egitearren.

  Oñatiko udalerria aitzindari da energia berriztagarrien ekoizpenean. Orain 100 urte inguru aurreneko zentral mini-hidraulikoak jarri ziren martxan eta egun, udalak, energia elektrikoaren kate osoan parte hartzen du ekoizpena, banaketa eta merkaturatzea, Oñatiko Ur jauziak, Oñargi eta Merkaoña enpresen bidez bideratuz. 2010ean berriz, Alkateen itunarekiko atxikimendua sinatu zuen udalak, CO2 emisioak gutxitzeko konpromisoa hartuz eta hainbat udal eraikin publikoetan biomasaren garapen tekniko-ekonomikoaren azterketa ere egin da.

  Egungo testuinguru sozio-ekonomikoan berriztagarrien garapena aztertzeko beharra ikusi du udalak eta horretara bideratu du 2017-2018ko ingurumen arloko ikerketa beka. Gaia beraz, energia berriztagarriak: iragana, oraina eta etorkizuneko aukera Oñatiko udalerrian izango da.

  Lana taldeka edo bakarka egin daiteke eta kasu guztietan, egin asmo den lanaren proposamen txostena aurkeztu behar da. Lanaren memorian besteak beste, lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia, helburuak, lan metodologia eta lana garatzeko kronograma eta aurre ikusitako emaitzak eta horien interesa zehaztu beharko da. Bide batez, eskatzaileen espediente akademikoa eta curriculuma ere atxiki beharko dira. Beka eskuratu ahal izateko eskatzaileak gutxienik diplomatuak izan beharko dute eta EGA edo baliokidea den euskara maila izan behar dute. Ingurumen arloko ikerketa beka hau eskatu nahi duenak, maiatzaren 22ra arteko epea du dokumentazioa eta eskaera orria udal bulegoetan presentatzeko.

  Hartarako izendatuko den epai mahaiak aurkeztutako memoriak aztertu eta egokiena izan litekeen ikerketa aukeratuko du, besteak beste, ikerketa lanaren kalitate orokorra, eskatzaileen espediente akademiko eta curriculuma eta udalerriaz duten ezagutza kontutan hartuta. Beka 14.000 eurokoa da esan bezala, eta hiru zatitan ordainduko da, % 30a, ebazpena hartutakoan, % 40a, 12 hilabeteak pasata lanaren txostena aurkeztu eta honi oniritzia ematerakoan eta gainontzeko % 30a, ikerketa lana entregatu eta balioetsitakoan. Lana egiteko 2018. urte amaierara arteko epea dago.

  Bigarren aldia da udalak ingurumen ikerketa beka deitzen duena. Lehenengoan, anfibio eta narrasti espezieen inguruko ikerketa lagundu zen. Lan hau udazkenean aurkeztuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!