Emakume langabeen kopuruak behera egin du berriro Oñatin

2021/12/02
Card image cap
Datu orokorretan ez da aldaketarik izan eta 357 langabe zenbatu dira, urrian bezala

  Adin eta sexuaren araberako kopuruei erreparatu behar zaie Oñatin azken hilabetean izan diren aldeak ikusteko. Emakumeen langabeziak behera egiten jarraitzen du, nahiz eta orokorrean, urrian zenbatu zen langabe kopuruak bere horretan dirauen.

  Emakumeen langabeziaren jaitsiera uztailaz geroztik antzematen ari gara; proportzio handiagoan edo txikiagoan baina murrizten ari da hilabetez hilabete, uztailetik hona. Eta azaroan gainera, 25 eta 44 urte bitartekoen artean emakumeak gizonezkoak baino gutxiago dira, eta hori berria da Oñatin. Normalean bereizten ditugun adin tarteetan, 25 urtetik beherakoak, 25-44 urte artekoak eta 45etik gorakoenetan, lana topatu ezinda dauden emakumeak gehiago izaten dira. Baina azaroan ez zen hori gertatu 25-44 urte artekoetan, esan bezala. Uztailean, emakumeen langabezia murrizketa hori igartzen hasi zenean, Oñatin langabezian zeuden 100 lagunetatik 59 emakumeak ziren, azaro amaieran 54 dira, 5 puntuko gutxiago beraz lau hilabetetan.

  Pandemia aurreko egoerarekin alderatuta berriz, hau da, 2019ko azaroko datuak eskutan, orduan ere handiagoa zen langabezian zeuden emakumeen portzentajea % 56,4, hain zuzen ere. Orokorrean, dena den, orain bi urteko langabezia datuak hobeak ziren, orduan, 312 langabe zenbatu ziren herrian, orain baino 45 gutxiago, eta langabezia tasa % 5,73 zen, egun, %6,56 da.

  Eremua handituta, azaroan, 1.076 langabe gutxiago zenbatu dira Hego Euskal Herrian. Aipagarria da Araban, Nafarroan eta Bizkaian langabe kopurua murriztu bada ere, Gipuzkoan, pitin bat handitu dela. Gizarte Segurantzak beste 2.614 kotizatzaile irabazi ditu, eta inoizko kopururik handiena du, une honetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!