Elkartruke programatan murgilduta daude herriko bigarren hezkuntzako ikastetxeak
Zuazola institutukoekin elkartrukea egitera etorri ziren frantziarrak larunbatean itzuli ziren etxera baina bezperan, Elkar Hezikoek gonbidatutako alemaniarrak iritsi ziren eta ostegunean berriz, ikastolakoek gonbidatutako bretoiak. Guztiek bat egin zuten ostiral ilunkaran Oñatin.
Ikastetxeetan lantzen duten atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza praktikatzeko elkartrukeak dira hiru kasuetan gauzatzen ari direnak. Txantxiku ikastola eta Zuazola institutuko ikasleek frantzesa eta Elkar Hezikoek ingelesa praktikatzeko aukera izaten dute eta Bretainia, Frantzia eta Alemaniatik etorritakoek, gaztelera. Aldi berean, herrialde, kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute hango nahiz hemengo ikasleek. Izan ere, elkartrukeak horixe du, egun hauetan hemen diren edo izan diren ikasleei bisita itzultzen zaiela. Elkar Hezikoen kasuan, oñatiarrak izan ziren bisita lehenik egin zutenak, urtarrilean Alemaniako Ditzingen herrian izan baitziren. Egun etxean Bretainiako Diwan lizeo bateko ikasle lagunak dituzten ikastolakoak eta larunbatean frantziarrak agurtu zituzten institutukoak berriz, Aste Santuko oporren bueltan joango dira Karaez-Plougêr eta Argenton Sur Creuse herrietara.
Elkartruke hauetan DBH4 edota batxilergoko lehenengo mailako ikasleek parte hartzen dute, eskolan ikasten duten atzerriko lehen edo bigarren hizkuntzaren maila pitin bat aurreratuta dutela, beti ere, elkartrukeari ahalik eta etekin akademiko hoberena ateratze aldera. Baina halakoak hizkuntza aldetik ez ezik, esperientzia pertsonal aldetik ere aberasgarriak izan ohi dira ikasle eta familientzat. Gurean dauden bitartean, kanpoko ikasleei Oñati eta inguruak eta euskal hiriburuak erakutsi ohi zaizkie. Baina ikastetxeetan ere izaten dira hainbat eskola elkarrekin ematen. Oñatiarrak hara joaten direnean ere, beste inguru, hezkuntza eredu, bizimodu eta familiak ezagutzen dituzte.
Bigarren hezkuntzako herriko ikastetxeek atzerriko hizkuntzak lantzeko elkartruke proiektu ezberdinetan parte hartzen dute. Elkar Hezikoak Alemania eta Holandako ikastetxeekin dute harremana eta Txantxiku ikastolakoak Bretainiakoekin ez ezik, Eslovakiako beste ikastetxe batekin ere egin izan dute elkartrukea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!