EHUko Udako Ikastaroak Arantzazura itzuliko dira

Arantzazulab-ek zuzenduko duen uda ikastaro honetan, gaur egungo demokraziak dituen erronkei buruzko gogoeta partekatua nahi da nazioarteko eta tokiko adituen eskutik. Izan ere, mundu osoko demokrazia liberalak zalantzan jartzen dituen olatu autoritarioaren goraldia eta balizko demokraziaren krisiaren ideia nagusitzen ari den honetan, demokraziaren kulturan sakondu eta gobernantza bide berriak sustatzeko estrategiak garatzen ari dira han eta hemen. Arantzazulab-etik, esaterako, demokraziaren berrikuntzarako eztabaida sustatzen da, Euskal Herriko testuinguru eta tradiziotik abiatuta, erakunde, gizarte eragile eta berrikuntza taldeen arteko elkarlana eta sinergiak bilatzen.
Arantzazun ekainaren 25ean egingo den ikastaroak hainbat helburu ditu: kultura demokratikoan eta komunitatearen eraikuntzan sakontzeko tokiko erakundeen zein eragileen estrategiak eta egitasmoak ezagutzea; demokraziaren berrikuntzako eztabaida globalei guretik eta Euskal Herriko balio sistematik egin diezaiekegun ekarpenean sakontzea, eta tokiko zein nazioarteko hainbat aditurekin kontrastatzea; demokrazian sakontzeko nazioarteko adituen ekarpenak jasotzea eta kultura demokratikoan sakontzeko beharra euskal gizartean aldarrikatzea, gaia eztabaida publikora eraman eta erakunde sistema elkarrizketa hauetara erakarriz, besteak beste.
Goizeko 9:00etan hasiko den ikastaroan, nazioartean erreferente diren bi hizlarik parte hartuko dute: Yale unibertsitateko Helene Landemore-k eta Warwick unibertsitateko Michael Saward-ek; lehenak, demokraziaren ereduak berrikusteko oinarriak emango ditu eta bigarrenak, demokraziaren diseinuaren erronkak argituko ditu. Ondoren, bi mahai inguru egingo dira: tokiko erakundeen estrategiak eta esperientziak kultura demokratikoan sakontzeko eta demokraziaren aldaerak, agertokiak eta aukera XXI. mendean gaien inguruan. Mahai inguru hauetan euskal erakunde, unibertsitate eta elkarteetako aditu eta ikerlariek parte hartuko dute.
Arantzazuko Gandiaga Topagunean egingo den ikastaro honetarako izen-ematea zabalik dago EHUko Udako ikastaroen web atarian.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!