Oñatiko udala

Debagoieneko Gurutze Gorriak ateak irekiko ditu domekan

2025/05/28
Card image cap
Instalazioak, ibilgailuak eta lan egiteko modua erakutsiko dituzte eta tailer praktikoak eta jolasak egingo dira

  Hori da eskualdeko Gurutze Gorriak antolatu dituen ate irekien helburua, egiten duten lana bertatik bertara ezagutaraztea, alegia. Hala, Elorregin dituzten instalazioak eta larrialdi, salbamendu eta prebentzio ekintzetan erabili ohi dituzten anbulantzia eta ibilgailuak erakutsiko dituzte; sorospen eta larrialdien eremuan, zerbitzu soziosanitarioen eremuan eta esku-hartze sozialaren eremuan egiten dituzten jarduerak zeintzuk diren azalduko dituzte.

  Gurutze Gorriko ateak urte osoan zabalik daudela argitu du Jabier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak, domekan, baina, familia giroan, ibilgailuak eta erreskateko materiala ikusi eta egiten dituzten jarduerak ezagutu ahal izango dira. Elorregiko zabalgunean hainbat tailer egiteko aukera emango du Gurutze Gorriak: lehen sorospenak, desfibriladoreen erabilera edota bihotz-biriketako bizkortzea. Bitartean, bisitari gazteenek erakundeko boluntarioek antolatutako jolasetan eta ekintzetan parte hartu ahal izango dute. 

  Lehorreko Bilaketa eta Salbamenduko Larrialdiei Berehala Erantzuteko Taldeetako kideak Elorregin egongo dira igandean, Debagoieneko taldea nola antolatu, entrenatu eta prestatu duten azalduz, eta larrialdi abisuei nola erantzuten zaien erakutsiz. Aldi berean, zerbitzu soziosanitarioetako boluntarioek martxan dauden proiektuen berri emango dute, besteak beste, aurten indartu den Adineko Pertsonei Laguntza programa. 

  Elorregiko Gurutze Gorriaren egunerokoa erakustea da domekako ate irekien helburua, eta parte hartzeko, hau da, boluntario izateko aparteko prestakuntzarik ez dela behar azaltzea. Hemen pertsona bakoitzak ahal duena ematen du eta ekarpen guztiak beharrezkoak dira esan du Jabier Igartuak. Alde horretatik, boluntariotza-lanari ekiteko asmoa duten pertsona guztiak beraiekin harremanetan jartzera animatu ditu. Horretarako aukera ere izango da domekan. Gaur egun, Debagoieneko Gurutze Gorriak 90en bat boluntario ditu talde eta jarduera ezberdinetan. Boluntarioek eurek eta Sanprubusa tabernak zuzenean parte hartuko dute igandeko ate ireki jardunean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!