“Baskonia globalizazioan” jardunaldia antolatu du Nabarralde elkarteak, Udalarekin elkarlanean

XXI. mende honetan eta globalizazioaren testuinguruan, Euskal Herriak bere lekua topatu behar du; urteetan hizkuntzara, euskarara, lotu dugu Euskal Herriaren definizioa, hiru administraziotan banatzen da egun, eta askorentzat zaharkituta dauden kontzeptuak ere oinarritzat hartu izan ditugu Euskal Herria edo euskal izaera definitzeko, izan arraza edota foruak, esaterako. Baina Globalizazio betean eta estatuen Europa baten testuinguruan, Euskal Herriaren gaineko hausnarketa kritikoa egiteko gonbidapena luzatu du Nabarralde elkarteak, Baskonia globalizazioan izeneko jardunaldi hau antolatuta.
Ekainaren 14an, 9:15etatik 17:45ak arte luzatuko da Baskonia globalizazioan jardunaldia. Lehen agurrekoaren ondoren, hitzaldi eta ponentziak hiru ataletan bilduko dira: lurraldeari begirada bat izango da lehena eta euskal kulturaz, eremu geografikoaz eta sindikalismoaz berba egingo da; begirada bat lekuari atalean, identitateaz eta euskaraz jardungo da eta zalantzazko etorkizuna izeneko hirugarren atalean, Baskonia instituzionalaz eta etorkizuneko erronkez berba egin eta eztabaidatuko da. Izen handiko hizlariak gonbidatu dira jardunaldira: Joseba Sarrionandia, Eguzki Urteaga, Xabier Irujo, Xabier Barandiaran edota Helene Larralde, besteak beste. EHU, UPNA eta Renoko unibertsitateko hainbat irakaslek berba egingo dute.
Baskonia globalizazioan jardunaldian parte hartzeko izen-ematea zabalik dago Nabarralderen web atarian. Jardunaldiaren bezperan, ostiralean, hitzaldi irekia izango da Sancti Spiritus unibertsitatean; Santiago Alba Rico idazle ea filosofoak Baskonia en la Globalización hitzaldia emango du, 19:00etan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!