Eguneko arreta udal zerbitzuaren araudia behin betiko onartu eta argitaratu da

2022/07/15
Card image cap
Zerbitzuaren esleipena abiaraztea izango da hurrengo urratsa

  Gipuzkoako aldizkari ofizialean gaur argitaratu den arautegiak zehazten du Oñatiko udalaren Eguneko arretarako zerbitzuaren xede eta aplikazio eremua, helburuak, prestazio eta ezaugarriak, finantzazioa, erabiltzaileek bete beharreko baldintzak, eskubideak, betebehar eta ekarpen ekonomikoak, nahiz sartzeko prozedura eta zerbitzuaren jarraipena. Baita zerbitzuaren etete edo iraungitzerako arrazoiak ere. Arautegia behin betiko onartu eta argitaratu ondoren, zerbitzua bera esleitzeko prozedurari hasiera ematea izango da hurrengo urratsa. Baina udako oporrak eta, bereziki, udaleko Ongizate departamentuaren bulego aldaketa tarteko, lizitazioa abiatzerako iraila izan litekeela adierazi digu departamentuko arduradunak.

  Eguneko arreta udal zerbitzua herriko bi jubilatuen elkarteen eraikinetan jarri asmo da, Pake Lekun, San Juan kalean, eta Lagun Lekun, Eltzian, baldin eta bi talde osatzen badira. Horretarako, gutxienez, hiru lagun egon beharko direla zehazten da zerbitzuaren arautegian. Gehienezko kopurua ere mugatu da eta 12 lagunekoa izango da.

  Zerbitzuaren egutegia eta ordutegia zehazteko daude, erabiltzaileekin batera finkatu nahi delako, baina astean hiru bat egunez, eta eguneko hiru bat orduz eskainiko da, goizez edo arratsaldez, erabiltzaileek eskatzen dutenaren arabera. Eguneko arretarako zerbitzua urtean 11 hilabetetan ematea aurreikusten da, abuztuan oporrak hartuta, baina urte osora luzatzeko aukera jasota dago arautegian.

  Eguneko arreta udal zerbitzu 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduko da, autonomiari eusten bere ohiko ingurunean mantendu eta gizarteratzen laguntzeko zerbitzua izango da eta balizko isolamendu egoerak konpentsatzeko zerbitzua ere bai. Hala zehaztu da eguneko arreta zerbitzuaren helburuetan: adinekoen autonomiari eustea, harreman berriak egiteko aukera ematea eta harrera, aisialdi eta bizikidetza zerbitzua eskaintzea, erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzeko. Hala gizarte eta harreman funtzionamendua, funtzio psikoafektiboaren eremua, funtzio kognitiboen arloa eta funtzio fisikoen arloa indartuko da, narriadura edo okerragotzea saihestu eta menpekotasun egoerak atzeratzeko, besteak beste.

  Xehetasun horiek guztiak zerbitzuaren arautegian jasota daude eta arautegia eskutan, zerbitzua emango duen enpresa hautatzeko esleipen prozesua abiatu beharko da orain.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!