Covid 19aren krisiak indarkeria matxistan izan duen eragina aztertu eta aurre egiteko bitartekoak jartzeko konpromisoa berretsi du udalbatzak

2020/11/29
Card image cap
Azaroaren 25aren inguruan adierazpen instituzionala aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran

  Testua udalbatza osatzen duten bi taldeen adostasunez aurkeztu zen eta irakurri ere hala egin zuten Berdintasuna batzordeko bi kideren artean, Izaro Elorzak eta Marijo Etxegoienek, erdibana.

  Bizi dugun pandemia egoera zailak indarkeria matxistan eta bereziki hau pairatzen duten emakume eta haurrengan ere eragina duela aipatu zen, osasun larrialdiak bereziki kaltetu baititu aurretik jada egoera zaurgarrietan zeuden pertsonak. Hausnaketa egin eta babes eta laguntza prozesuan sortu diren akatsak zuzendu beharra azpimarratzen da adierazpen idatzian: lehentasunezkoa da une honetan jakitea, indarkeria matxistari dagokionez, nola eragiten dien krisi honek emakumeei eta haien seme-alabei zer modu berri sortu diren, zer eredu aldatu diren, zer adierazpen areagotu diren… eta zeintzuk diren egoera honetan egin daitezkeen zerbitzuen moldaketak edo har daitezkeen neurriak, egindako akatsak errepika ez daitezen.

  Krisia aurrekontuak eta zerbitzuak eten edo murrizteko aitzakia ezin dela izan aldarrikatzen du adierazpen instituzionalak eta aurten, Euskal Herrian hil dituzten lau emakumeak gogoan, indarkeria matxistari aurre egiteko lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du.

  Adierazpenak zazpi puntu edo konpromiso konkretu zerrendatzen ditu, tartean, instituzio ezberdinen artean elkarlanean jarraitzekoa. Alde horretatik, urte hasieran Oñatiko udalak, Osakidetzak eta Ertzaintzak sinatu zuten instituzio arteko protokoloari aipamena egiten zaio, jarraipena eta etengabeko ebaluaziorako baliabideak ezartzeko konpromisoa hartzen du udalak, eta beste instituzioei ere dagozkien baliabide teknikoak bideratu ditzaten eskatzeko konpromisoa.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!