Oñatiko udala

Biharko greba deialdiak oihartzun zabala izatea aurreikusten du Oñatiko greba batzordeak

2020/01/29
Card image cap
Hiru ekintza antolatu dira eta mobilizazio garaian zaintza zerbitzua eskainiko da Gaztelekuan

  Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du biharko greba orokorra Lan-pentsio-bizitza duinaren alde. Deialdi horren harira hainbat enpresa eta zerbitzutako langileek asanbladak egin dituzte aurreko egunotan. Hala, greba egitea erabaki dute, esaterako: Hijos de Juan de Garayn, Chinchurretan, Cegasa Energía Portil-en, Natran eta Ezpeletan. Baita, Ulma pakaging-en eta eraikuntzan. Ulmako beste negozioetan grebarik ez egitea erabaki dute eta Lana eta Fagor Industrial kooperatibetan ere ez dute grebarik egingo. Beste enpresa batzuetan ez dute bozketarik egin eta lantegiak irekiko dira eta bihar bertan ikusiko da zenbat langile doazen. Stadlerren kasua ei da hori.

  Herriko hiru ikastetxeetako langileen gehiengoak ere bihar greba egitea bozkatu du astean egindako asanbladetan. Jose de Azpiazu musika eskola itxita egongo da. MUko Enpresagintza fakultatean botoen bi herenak behar dira emaitza loteslea izateko eta ez da lortu; beraz, langile bakoitzak erabakiko du greba egin ala ez. Baita Oñatiko Udalean ere; Kiroldegia, Gaztelekua, Kultura etxea eta Oñati Irratia itxita egongo dira bihar baina Euskaltegian ohiko eskolak emango dituzte. Halakoetan bete behar diren gutxieneko zerbitzuak agindu ditu alkateak eta Udaltzaingoak normaltasunez lan egingo du; udaletxean, dokumentuen erregistroan eta telefono bidezko harrera egiten langile bat arituko da, 9:00tatik 13:00ra; argi eta ur horniduran,  jaiegun baten pareko zerbitzua mantenduko da; Herribusean zerbitzuaren % 30 beteko da eta A eta B lineatan launa zerbitzu eskainiko dira; eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan II eta III. mailako mendekotasuna duten erabiltzaileei laguntzeko zerbitzuak bakarrik beteko dira, gutxienez. 

  Txanda dendarien elkarteak ez du erabakirik hartu elkarte moduan, eta dendari eta komertzio bakoitzak erabakiko du bihar ireki ala ez. Osasun zentroan ere mediku eta erizain bakoitzak erabakiko du greba egin ala ez; lanera doanak bere pazienteak artatuko ditu eta besteentzat, gutxieneko kontsulta presentzialak Arrasaten egongo dira.

  Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko aldarrikapenak gurean antolatu diren hiru ekintzetan zabalduko dira. Goizeko 11:00tan, Olakuatik abiatuta, kalejira egingo da plazaraino, 12:00tan, plazan elkarretaratzea egingo baita. Arratsaldean berriz, 18:00tan, manifestazioa egingo da plazatik abiatuta. San Juan kaletik eta Unibertsitate etorbidetik barrena plazan amaitzeko asmoa dago. Bidean, hainbat lekutan, pentsionistek, langileek eta ikasleek zerbait irakurri edo ekintza konkretuak egingo dituzte, kolektibo horien aldarrikapenak zabaltzeko. Mobilizazioetan parte hartu ahal izateko, hainbat boluntariok zaintza kolektibo zerbitzua beteko dute Gaztelekuan.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!