Oñatiko udala

Azkoagainetik Lezesarri auzora oinezkoentzako bidea egiteko proiektua onartu zen Osoko Bilkuran

2021/10/07
Card image cap
Ukituko diren lursailen zerrenda ere onartu zen

  Udalaren enkarguz SESTRAk osatu zuen proiektuak bi espaloi eratzea aurreikusten du: Azkoagainetik Lezesarriko ermitarako sarbide parerainokoa, jaisteko erraiaren segidan, eta pare horretatik Urrintxorainoko tartean, eskumako erraiaren segidan, hau da, Arantzazurako errepidearen eskuma aldean. Proiektuak Azkoagain inguruko T formako bidegurutzea biribilgune batez ordezkatzea ere aurreikusten du, baina kasu horretan proiektua gauzatzearen ardura Diputazioarena litzateke, GI-3591 Arantzazuko errepidea Foru Aldundiarena baita.

  Iraileko Osoko Bilkurak GI-3591 errepidean oinezkoentzako bidearen proiektua onartu zen, obra exekutatzea beharrezko eta ezinbesteko deklaratu zen eta obra onura publikokotzat jo zen. Hala, proiektua gauzatzeko hartu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda ere hasiera bateko izaeraz onartu zen. Errepidearen ezker eta eskumara dauden hiru lursail ukituko dira eta guztira, 178 metro karratu desjabetzea aurreikusten da. Aipatu erabakia jendaurrean dago, 20 lan eguneko entzunaldi epean.

  Azkoagainetik Lezesarri auzora oinezkoentzako bidea egiteko proiektuaren inguruko erabakia aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran. Baina aurrez,  proiektuak hainbat hutsune dituela aipatu zuen Angel Biain zinegotzi jeltzaleak, besteak beste, argiteriaren inguruko xehetasunak ez baititu jasotzen. Aurrerantzean proiektu orokorrak egitea eskatu zion udal gobernu taldeari, nahiz eta gerora, lanak egiterakoan, zatika edo faseka gauzatzeko erabakia hartu. Bestela, egin beharreko lanaren eta aurrekontuaren ikuspegi orokorra izatea ezinezkoa dela gaineratu zuen.

  Horren haritik dator EAJren udal taldeak prentsara zabaldu duen oharra; udal gobernuaren kudeaketa desegokia eta gardentasun eza salatzen dira jeltzaleen idatzian. Lezesarriko proiektua eta aurrekontua ez direla errealak eta 2020ko udal aurrekontuaren soberakinaren erabilera ez dela argitu salatu du. Prentsa oharrean aipatzen denez 2021eko martxoan jakinarazi zen udal soberakina, 3 milioi euro, erabiltzeko hainbat proposamen egin zituzten jeltzaleek baina oraindik ez da argitu zertara bideratuko den. Era berean, legealdiko finantza-plana egin ez izanaren ondorioz kudeaketa inprobisatuan murgilduta dagoela leporatu dio EAJk gobernu taldeari. Zubikoa kiroldegiko obrek udalari ekarri dioten zorpetze mailarekin eta etorkizuneko inbertsio-gabeziarekin oso arduratuta daudela ere gogorarazten dute jeltzaleek idatzian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!