Aurrez aurreko mintegiak hasiko dira astean Lege Soziologia Institutuan, bi urteren ondoren

2022/05/10
Card image cap
10 mintegi programatu dira maiatzetik irailera

  2022ko bilera zientifikoen egitarauari ostegunean ekingo diote Lege Soziologia Institutuan. 2019az geroztik ez da aurrez aurreko mintegirik egin unibertsitate zaharrean. Bi urteko etenaren ondoren 10 mintegi programatu dira iraila erdialdera arte. Horietako bat, dena den, telematikoki egingo da, ekainaren 9 eta 10ean. Mintegi eta bilera hauetan nazioarteko adituak elkartuko dira, egiten ari diren ikerketen berri elkarri eman eta lege soziologia arloko gai ezberdinen eztabaida foroetan ikuspegi multidisziplinarra txertatzeko.

  Desberdintasun estrukturala eta boterearen konplexutasuna izeneko mintegiaz hasiko da ostegunean 2022ko egitaraua. Utrechteko unibertsitateko hiru irakaslek antolatu duten mintegian Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat adituek hartuko dute parte. Izena eman dutenen artean EHUko eta Deustuko unibertsitateko irakasleak daude baina baita Herbehereak, Brasil, Bergika, Frantzia, Turkia, Paraguai, Israel edo Erresuma Batukoak ere.

  Hurrengo bi asteetan Populismoa eta ezagutza juridiko eta politikoen krisia eta Konstituzionalismoa pandemiaren presiopean izeneko mintegiak egingo dira. Ekainean beste bi izango dira baina lehena online egingo da, Familia justiziara eta lege ezgaitasunera sarbidea izenekoa, hain zuzen. Bigarrenean, hori ere aurrez aurre, epaitegi eta judizial profesionalekin egiten ari diren ikerketa enpiriko baten berri emango da, darabilten metodo eta praktiken inguruan arituko direlarik. Uztailerako lau mintegi eta irailerako beste bat, azkena, programatu dira. Mintegi bilerak apiriletik irailera egiten baitira Lege Soziologia Institutuan, bertako master ikasleak beraien jaioterrian daudenean, master amaierako lana prestatzen, eta Antixenako egoitza libre dagoenean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!