Oñatiko udala

“Uler-saioak” metodologia frogatzeko ikerketan parte hartuko du udal euskaltegiak

2021/07/12
Card image cap
Euskaraz ez dakitenen pertsonek ulertzeko gaitasuna garatzea da metodologiaren helburua

  Soziolinguistika Klusterrak landu du Uler-saioak metodologia eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta komunikazio-zailtasunak gainditzeko beste bi metodologiarekin batera Aldahitz izeneko ikerketa lerroa osatzen dute. Hirurak, elkarren osagarri dira eta euskararen erabilera sustatzea dute oinarri.

  Uler-saioak euskaraz batere ez dakiten edo oso gutxi dakiten pertsonek ulertzeko gaitasuna garatzeko diseinatu den metodologia da. Helburua da ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskuratzea, euskarazko harremanetan murgiltzeko aukera izan dezaten, ele biko elkarrizketen formatuan, bederen.

  Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da, gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza soslai bera duten beste kide batzuekin batera. Bertan, trebatzaile batek euskara erraza eta sinplea erabiliz, komunikazio jarduerak bideratzen ditu, eta etengabe egiaztatzen du jasotzaileek ulertutakoa. Metodologiak ez du euskaraz egiteko gaitasuna garatzen, ez die hori eskatzen, eta foku bakarra, ulermena da. Uler-saioak metodologiak 60 orduko prozesua proposatzen du eta denbora tarte horretan norbanakoek A2 mailako ulermena eskuratzea da helburua. Baina metodologia eraginkorra dela testatu behar da eta hartarako propio osatuko diren 15 bat taldetan frogatuko da. Horietako bat, Oñatin, udal euskaltegian arituko da.

  Zero edo hasierako maila duten zortzi laguneko taldea osatuko da. Ikasle bila ikastetxeetara eta Auzoko programaren erabiltzaileengana joko da, ume txikiak dituzten guraso erdaldunengana joko da. Nahikoa jenderik bilduko ez balitz, herriko enpresaeren bateko langileekin osatzeko saiakera egingo da. Ikastaroa 60 ordukoa izango da eta urrian hasi eta 15 astez luzatuko da. Euskaltegiko irakasle bat hartarako trebatuko da, aurrez. Soziolinguistika Klusterrak HABEra jo du egitasmoa diruz lagundu dezan, baina finantziazio aukera horrek aurrera egingo ez balu, Oñatiko udala prest dago froga ekonomikoki babesteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!