Oñatiko udala

“Lurraldeak eta kooperatibak. Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak” jardunaldia egin da Arantzazun

2022/02/18
Card image cap
Alkateak ongi etorria egin du Oñatin eta Debagoienan kooperatibismoak duen garrantzia azpimarratuz

  Katalunian eta Euskal Herrian lantzen ari diren proiektuak ezagutu dira goizean Arantzazun, KoopFabrikak kooperaibismoaren inguruan antolatu duen jardunaldiaren baitan. Katalunian Generalitateak abian jarri duen politika publiko berritzaileak azaldu dira eta Euskal Herrira nola egokitu daitezkenari buruz gogoeta egin da. Elkar ezagutu eta elkarrengandik ikastea izan baita jardunaldiaren helburua KoopFabrikako ordezkarien esanetan.

  Ekonomia sozial eta eraldatzailea hazten ari da Euskal Herrian baina zenbait proiekturen beharrei erantzuteko nahikoa baliabide ez daudela eta babes instituzionala falta dela deritzote askok. Katalunian hartu den bidetik zer ikasia badagoela ikusi da gaur Arantzazun.

  Katalunia eta Euskal Herritik bildutakoei ongi etorria egin die Izaro Elorza alkateak eta Oñatin, Debagoienan, kooperatibismoa oso errotuta dagoela gogorarazi die. Kooperatibarena ekonomia eta garapenarekin ez ezik, inguruko komunitatearekin konpromisoa hartuta gauzatu den enpresa eredua dela esan du alkateak eta zentzu horretan kooperatibismoak eta erantzukizun sozialak Oñati eta Debagoiena egun direna izatera eraman dituztela azpimarratu du.
Baina erantzukizun soziala kooperatibismotik haratago ere badoala erantsi du alkateak eta Oñatiko udalean ere norabide horretan lanean ari direla esan du, Arantzazulab, D2030 egitasmoa edota Onaro proiektuak aipatuz.

  Generalitateko ekonomia sozialeko zuzendaria orokorra den Josep Vidal i Fabrega eta Ateneu Cooperatiu egitasmoan parte hartzen duten hainbat kooperatibetako ordezkariak Arantzazun egon dira gaur goizean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!