“Lurraldeak eta kooperatibak. Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak” jardunaldia Arantzazun, otsailaren 18an

2022/02/11
Card image cap
KoopFabrikak antolatu du Oñatiko udalaren laguntzaz, besteak beste.

  Lurralde burujabeak eraikitzeko bidean, Katalunia eta Euskal Herrian lantzen ari diren proiektuak ezagutzeko aukera izango da datorren ostiralean Arantzazun. Besteak beste, Kataluniako Generalitateak mugimendu kooperatiboarekin elkarlanean abian jarritako politika publiko berritzaileak eta horien gauzatze zehatza ezagutzeko aukera izango da Gandiaga Topagunean, Generalitateko ekonomia sozialeko zuzendari Orokorra den Josep Vidal i Fabrega eta Ateneu Cooperatiu egitasmoan parte hartzen duten hainbat kooperatibetako ordezkariak gonbidatu baitira.

  Kataluniako politika publiko berritzaileen esperientzia ezagutu eta oinarrian duten printzipio edo logikak azalduta, Euskal Herrira ekarrita, logika horien sustapenerako eredu propioez hausnartzeko tartea hartuko da. Saioan zehar, Euskal Herrian auto-eraketaren lanketan erreferentzialak diren pertsonek eta egunerokoan proiektu kooperatibo berritzaileak sortzen dabiltzanek ere parte hartuko dute.

  KoopFabrikak antolatu duen jardunaldian Oñatiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Debagoiena 2030 laguntzaile dira. Hala bildutakoei ongi etorria eman eta saioaren aurkezpena Izaro Elorza alkateak egingo du. Ondoren, MUko HUHEZIko irakasle Jon Sarasuak autoeratzeaz berba egingo du. 10:30tatik 13:15tara Kataluniako esperientzia ezagutuko da eta ondoren, Euskal Herrian dauden hainbat eredu aurkeztuko dira. Amaitzeko, Etorkizuna Eraikizeko arduraduna den Xabier Barandiaranek lankidetzazko gobernantza eta komunitatearen eraketaz berba egingo du.

  Katalunia eta Euskal Herria aurrez aurre jarriko dituen Lurraldeak eta kooperatibak jardunaldia 9:30tatik 14:15tara luzatuko da. Datorren ostiraleran, hilaren 18an izango da Arantzazun eta interesa duenak izena emateko aukera du oraindik, KoopFabrikaren web atariaren bidez.

  KoopFabrika ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa da. Lankidetzan sortutakoa, izaera anitzeko eragileak saretzen ditu, tartean, Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, REAS Euskadi sarea edota Debagoienako garapen agentzia. Eta Gipuzkoa zein Bizkaiko Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!