145 proposamen jaso dira orain arte Partaidetzazko aurrekontuak prozesurako

2022/05/26
Card image cap
Bihar da proposamenak egiteko azken eguna

  Partaidetzazko aurrekontuak 2023-2024 prozesuari dagokion lehen fasea da proposamenak egitekoa. Bihar amaitzen da horretarako epea eta, dagoeneko, 145 proposamen jaso dira bide ezberdinetatik; gehienak, 95, online jaso dira, udaleko web atarian zintzilikatu den formularioa beteta, beste 43, udal eraikinetan eta zenbait komertziotan jarri diren hautestontzitan utzi dira eta 7, berriz, pasa den astean egin zen aurrez aurreko bilera irekian jaso ziren.

  Aurkezten diren proposamen guztiak banan-banan aztertuko dira eta bideragarriak direnak azken bozketarako berezituko dira. Azken fase hori urrian beteko da. Helburua, datozen bi urteetako aurrekontuetan 250na mila euro zertan inbertitu herritarrok zuzenean erabakia baita.

  Baina proposamenak egiteko epea bihar itxiko da, esan bezala. Hori bai, egiten diren proposamenek oinarrizko baldintza batzuk bete behar dituzte prozesuan onartu daitezen: udalaren eskumenekoak izan behar dira; bi urtetan exekutatzeko modukoak eta egiturazko gastu nabarmenik eskatuko ez dutenak; interes orokorrekoak eta onura publikoa ekarriko dutenak; bideragarritasun tekniko eta juridikoa gainditzen dutenak; 200.000 eurokoa baino gastu handiagoa eskatzen ez dutenak; aurretik jada planifikatuta edo dagoeneko exekuzioan ez daudenak eta zehatzak direnak, orokorregiak edo propositiboak ez diren proposamenak baztertu egingo baitira. Proposamenak askotarikoak izan daitezke: kultura, mugikortasuna, ingurumena, berdintasuna, hirigintza, gaztedia, kirol arlokoak eta abar.

  2018-2020an Partaidetzazko aurrekontuen lehen prozesua egin zen gurean eta 16 proposamen gauzatu ziren: komun publikoak jarri ziren Olabarrietan eta Madalenan, Ugarkaldeko jolas parkea estali zen, bizikletentzako hainbat aparkaleku estali jarri ziren eta zebrabideak argitu ziren, besteak beste. Orduan, proposamen gehienak, aurrez aurre egindakoak edo postontzietan utzitakoak izan ziren, aurten, modu telematikoan eta www.oñati.eus udaleko web atariaren bidez helarazitakoak dira gehienak, hirutik bi, hain zuzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!