"Zapata gorriak feminizidioaren kontra" ekimena gauzatuko da azaroaren 25ean

2015/11/06
Card image cap
Zapata zaharrak biltzen hasi dira udaletxean

  Mexikoko Ciudad Juarezen egin zen ekintzaren pareko gauzatuko da azaroaren 25ean Oñatin. Gorriz margotutako zapatekin, Ciudad Juarezen hiltzen zituzten emakumeak ikustarazi nahi izan zituen Elina Chauvet mexikar artistak 2009an. Emakumeak hil eta desagertarazten zituzten eta sarritan zapatak bakarrik agertzen ziren, odolaren gorriz tindatuta. Esperientzia hori gurera ekarrita, genero indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean Oñatiko plaza zapata gorriz bete nahi da.

  Ekimena aurrera eraman ahal izateko herritarren parte hartzea eskatu da. Orain, erabiltzen ez ditugun zapata zaharrak udaletxera eraman eta bertan propio jarri den kaxan uzteko. Gerora, batutako oinetakoak gorriz pintatzeko eta azkenik, azaroaren 25ean bertan, zapata gorriak plazan jarrita daudela egingo den elkarretaratzera batzeko.

  Gaur goizean jarri da udaletxeko harreran zapata zaharrak uzteko kaxa. Erabiltzen ez diren zapatak eskatzen dira. Koloreak ez du inporta gorriz gerora margotuko baitira. Baina garbi utzi nahi da oinetakoak ez direla itzuliko. Aipatu kaxa, azaroaren 24a arte mantenduko da udaletxean. Era berean, azaroaren 23 eta 24an, Andraitz emakumeen elkarteak San Juan kalean duen lokalean ere, zapata zaharrak jasoko dira 18.00tatik 20.00tara. Oinetakoak margotu berriz, azaroaren 24an margotuko dira. Margoketa tailerra Andraitzen lokalean egingo da eta laguntzeko gertu dauden herritarrei San Juan kaleko 5ean dagoen bulegora agertzea eskatzen zaie. Margotze ekitaldia arratsaldeko 18.00tatik 20.00tara egingo da. Eta lan hori guztia, azaroaren 25ean bistaratuko da. Mexikon bezala Oñatin ere, indarkeriaz hildako emakumeak ikustaraziko dira zapata gorriak plazan jarriz genero indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean. Aldarrikapenerako arte agerraldi hau borobilduz, egunean bertan, elkarretaratzea egingo da plazako kiosko ondoan,18.30tan.

  Azaroaren 25eko astean zapata gorriak feminizidioaren kontra arte instalazioa asmatu zuen artista, Elina Chauvet, Euskal Herrian izango da lana ezagutzera eman eta han-hemenka egingo diren errepliketan parte hartzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!