Oñatiko udala

Uztaileko udaleku irekietan parte hartzen duten haurrentzat zaintza zerbitzua izango da aurten ere.

2013/03/14
Zerbitzu berezi honetaz baliatzeko interesa duten familiek, martxoaren 22ra arteko epea dute izena eman eta ordainketa egiteko.

  Zaintza zerbitzu honen inguruko informazioa eta izen emate orria, udaleku irekietakoa bezala, ikastetxeen bitartez banatuko zaie gurasoei. Informazio hori aste honetan zehar zabalduko da.
Aurten hirugarren urtez eskainiko den zaintza zerbitzu honen helburua, gurasoen lan ordutegia eta udaleku irekietako zerbitzua bateragarri egitea da. Udalekuak goizeko 10etan hasten direnez, seme-alabak lehenago utzi behar dituzten familiei, goizeko 7.30tatik 10ak arteko zerbitzu osagarri hau eskaintzen zaie. Zaintza, udalekuetako topagune izango den ETEOn bertan egingo da. Zerbitzu osagarri honek, 99 euroko kuota du erabiltzailea bakarra denean, edo 175 euroko familia kuota, bi haur edo gehiago direnean. Ordainketa, Euskadiko Kutxan egin behar da eta ordainketa egitearekin batera, haurraren izen emate orria ere bertan entregatu behar da.

  Informazio gehiago behar duenak, Txaloka ludotekara jo dezake, edo bertara telefonoz deitu: 943.250715 zenbakira. Ludotekaren kudeaketa egiten duen AHK kooperatiba izango baita aurten ere, udalak antolatutako udaleku irekien koordinatzailea.

  Udaleku irekiak uztailaren 1etik 26ra egingo dira eta 2003-2009 urte bitartean jaiotako haurrek parte hartuko dute. Hori bai, aurrez izena eman behar dute eta horretarako epea astelehenean ireki zen. Bai udaleku irekietarako eta baita horren osagarri moduan eskaintzen den zaintza zerbitzurako, izen emate epea, hilaren 22an amaitzen da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!