Urtarrilaren 15az geroztik, 5000 eurotik gorako fakturak, faktura elektroniko modalitatean aurkeztu behar dira udalean.

2015/02/04
Faktura elektronikoak jasotzeko prozedura arautegia zehazten duen alkate dekretuaren berri eman zen azken Osoko bilkuran.

  Estatuko lege batek derrigortzen du, herri administrazioarentzat egindako lan edo hornidura faktura, modalitate elektronikoan aurkeztu behar izatea, bai behintzat, 5.000 eurotik gorakoak direnean. Oñatin, araua, urtarrilaren 15ean sartu zen indarrean eta aurretik jada, faktura elektronikoak jasotzeko prozedura arautu zen alkate dekretu bidez.

  Aipatu araudian, faktura elektronikoak jaso eta balioztatzeko prozedura finkatu du. Udalak faktura elektronikoak onartu ditzan, eredu estandar eta baldintza tekniko uniformeak ezarri ditu. Bidalketa egiteko prozedurak eta horretarako beharrezkoak diren zehaztapenak ere finkatu ditu.

  Kontratazio administratiboaren esparruan, udalari zuzendutako faktura elektronikoen jatorriaren benekotasuna eta edukiaren osotasuna, sinadura elektroniko balioztatua erabiliz bermatu beharko da.

  Faktura elektroniko horiek “facturae” izeneko formatua izan beharko dute. Faktura elektronikoak bi modutan bidali ahal izango dira udaletxera: faktura elektronikoaren web zerbitzura deituz, protokolo seguru baten bitartez edo helbide elektroniko jakin batera bidaliz.

  Faktura jaso ondoren, mezu baten bitartez adieraziko zaio bidaltzaileari faktura onartu den ala ez. Prozedura hau bete gabe Udalera bidaltzen diren faktura elektronikoak bidali gabekotzat hartuko dira.

  Interesadunek faktura elektronikoak egin eta bidaltzeko doako software bat izango dute eskura. Fakturazio elektronikoa egiteko software hori Udalgida web orrian dago eskuragarri.

  Urtarrilaren 15az geroztik faktura elektronikoak erabiltzeko derrigortasuna indarrean da bai udalera zuzendutakoetan baina baita udal erakunde autonomoetara zuzendutakoetan ere.

Iturria: Oñati irratia