ULMA eraikuntza kooperatibak “Euslan” ekimen berritzailean parte hartuko du

2015/10/23
Card image cap
Helburua, hiru urtetan lantoki barruko euskararen erabilera %90era igotzea da

  Euskara biziberritzeko bidean lan munduan ere urrats handiagoak ematea ezinbestekoa da. Hala, arlo horretan aitzindari izanik lana aurreratuta duten hamabi enpresa Euslan izeneko egitasmo pilotuan murgilduko dira, tartean, ULMA eraikuntza kooperatiba.

  Eusko Jaurlaritzak babesten duen egitasmo hau berritzailea dela azaldu zuen atzo Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, berritzailea bai edukiari dagokionean eta baita lan egiteko eta kolaboratzeko moduari dagokionean ere. Eusko Jaurlaritzak egitasmoa diruz lagunduko du parte hartzen duten  enpresei, guztira, 900.000 € bideratuz. Horrekin batera, aholkularitza ere jasoko dute Antzuolako Elay enpresaren eskutik. Elayk ere, egitasmoan parte hartzen du eta azpimarratu behar da, euskararen normalkuntzan aurreratuen dagoen lantokia dela.

  Egitasmoan parte hartzen duten enpresek, euskararen erabilera maila igotzeko konpromisoa hartu dute; 2017rako % 90eko euskara erabilera maila izango da enpresa barruko lan harremanetan eta hizkuntza paisaian.

  ULMA eraikuntza kooperatibarekin batera Euslan egitasmo honetan, Alejandro Altuna, Batz, Cikautxo, Copreci, Danobat, Eika, Goizper, Maier, Matz-Erreka, Orkli eta Elay enpresek parte hartzen dute. Bi Elkarte Anonimo edo SA  izaera dute, beste hamarrak kooperatibak dira Oñatikoaren antzera. Baina gehienek, Bikain euskararen kalitate ziurtagiria dute. ULMA eraikuntzak esaterako, iaz eskuratu zuen zilarrezko Bikain agiria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!