Oñatiko udala

Udalekuetan izena eman eta udako zaintza hezitzaile zerbitzu berria erabili nahi ez duenek ezeztapena jakinarazi behar dute

2020/06/01
Card image cap
Udal webguneko formularioa beteta edo udaletxeko HAZ zerbitzuaren sarreran jarri den izen-emate mahaian egin behar da

  Covid 19aren eraginez ez da ohiko udalekurik izango Oñatin aurten baina udako zaintza hezitzaile zerbitzua eskaintzea erabaki du udalak. Kontziliazio arazoak dituzten gurasoak eta harremantzeko premia eta euskaraz harremantzeko beharra duten neska-mutikoak hartu dira kontuan zerbitzu berezi hau antolatzerakoan. Zerbitzuak umeentzako zaintza, heziketa, arnasgune izan nahi du. Ez da izen-ematerik irekiko eta Udaleku irekietan edo Arte udalekuetan izena emanda zutenei zuzenduko da soilik.

  Ekainaren 29tik uztailaren 24ra arteko datak mantentzen dira printzipioz, eta 2008 eta 2016 urteen artean jaiotakoek parte hartu ahal izango dute, baldin eta aldian aldian argitaratzen diren dekretu eta osasun jarraibideek besterik agintzen ez badute. Ordutegia berriz, 9:00tatik 13:00 izango da, udalekuek eskaintzen zutena baino ordubete gehiago. Horregatik, aparteko zaintza zerbitzua eskatuta zuten gurasoei dirua itzuliko zaie.

  Udako zaintza hezitzaile zerbitzu honetan parte hartzen duten neska-mutikoak bost laguneko taldeetan ibiliko dira eta taldeak begirale bat izango du, bi, aniztasun funtzionala duen haurren bat taldean baldin badago. Ahal diren segurtasun neurri guztiak hartuko dira eta herriko gune ezberdinak erabiliko dituzte topagune moduan. Hau da, Gaztelekua ez da gune nagusia izango aurten.

  Udaleku irekietan edo Arte udalekuetan izena eman zutenek eta zerbitzu berri hau erabili nahi ez dutenek izen-ematea bertan behera utzi beharko dute gaurtik eta ostiralera bitartean. Bi bide jarri dira horretarako: udal webguneko formularioa beteta edo udaletxeko HAZ zerbitzuaren sarreran jarri diren orriak bete eta kutxan sartuta. Izen-ematea ezeztatzen duten familiei ordaindutako matrikula itzuliko zaie.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!