Patrue kalea trafikorako itxita dago eta hala mantenduko da hilaren 28ra arte

2016/11/15
Card image cap
Goialdeko zabalguneko zoruko harriak kendu eta hormigon inpreso deritzon materiala botako da

  Hauskorra da oso Patrue kaleko zabalgunean jarri zen adokin harria. Zama lanetarako bertatik igarotzen diren kamioien pisuaren ondorioz sarritan apurtzen dira. Horregatik, harriak kendu eta beste material gogorragoa jartzea erabaki da. Konkretuki, Atzeko kalean bota den hormigon inpreso deritzon materiala erabiliko da, adokinak kenduta. Lanak egiteko hiru egun besterik beharko ez diren arren, kalea beste 10 egunez itxita mantenduko da material berria egonkortu dadin. Beraz, goizean trafikorako itxi den Patrue kale, hilaren 28ra arte itxita mantenduko da. Kalean garajea dutenek, Arantzazuko Ama kaletik, Iturritxo aurrealdetik pasata, egin beharko dituzte joan-etorriak. Horretarako, beharrezkoak dituzten giltzak banatu zaizkie.

  Eta trafiko eta lan kontuekin jarraituz esan bestalde, Kale Zaharreko behealdea estutu egingo dela datozen egunotan, garabia muntatu behar baitute. Garabia, Kale Zaharra 46 zenbakidun eraikinaren inguruan muntatuko da, eraikina bera berritu asmo da eta. Aste honetan bertan 5x5 metroko oinarria prestatuko da eta ondoren garabia muntatuko da. Plataforma hori datorren udara arte, gutxienik, mantenduko da. Ondorioz, Kale Zaharreko behealde horretan, 46. zenbakidunaren parean, kalea estutu egingo da. Kale Zaharra 46. zenbakidun eraikina guztiz berrituko da. Kanpoko horma edo fatxadak gordeko dira baina barrutik guztiz hustu eta berreraikiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!