Kataluniako erreferenduma babesteko Bilboko manifestaziora autobusa antolatu du Gure Esku Dago taldeak

2017/09/07
Txartelak salgai daude herriko lau tabernetan

  Gure Esku Dagok berak antolatu du urriaren 1eko erreferendumari babesa adierazteko martxa. Hilaren 16an, 17:30tan Bilbon egingo da Bozkatu erabakitzeko. Demokrazia lelopean. Manifestaziora joan-etorria egiteko autobusak antolatu ditu Oñatiko Gure Esku Dago taldeak. Txartelak dagoeneko salgai daude Ona, Boga, Otamendi eta Garoa tabernetan. Autobus txartelaren prezioa 10 € da, ikasle eta langabetuentzat 5 €. Autobusa berriz, 16:00tan irtengo da postetxe aurrealdeko geltokitik.

  Erreferendum Legea onartu zuen atzo gauean Kataluniako Parlamentak urriaren 1ean egingo den galdeketarako prozesua abiaraziz. Euskal Herritik interes handiz jarraitzen ari da, baina ikusle hutsa izatetik babesle izatera deitu du Gure Esku Dago taldeak. Erabakitzeko eskubidearen eta demokraziaren alde dauden indar guztiak Bilbon batu nahi dituztela esan zuten Angel Oiarbide bozeramaleak herenegun egindako aurkezpenean.

Iturria: Oñati Irratia