Industria pabilioi hutsen azterketa egin du Udalak

2021/01/28
Card image cap
Herriko industria eraikinen % 18 hutsik dago, metro karratutan, eraikitakoaren % 3,5a

Partaidetzazko Aurrekontuak prozesuaren baitan erabaki zen herriko pabilioi eta industria instalazioen inbentarioa egin eta etorkizunerako alternatibak lantzea. Lehenengo urratsa, industria eremuetako partzela hutsak zerrendatu eta okupatu gabe dauden pabilioiak identifikatzea izan da. Udaleko hirigintza departamentuak egin zuen oinarrizko lana honako datuak zerrendatuz: hirigintza gunea, helbidea, bertan kokatutako enpresak, okupatutako eta okupatu gabeko lurzorua identifikatu, erabilera, katastroko erreferentzia eta kutsatutako lurzoruen zerrendan ote dagoen.

  Oinarrizko lehen lanketaren ondoren datuen kontrastea egin zen eta datu base bat osatu da, edozeinek kontsultatzeko baliabideak sortuz. Oñatin okupatuta eta hutsik dauden pabilioiak eta eraiki gabe dauden orubeak mapan kokatu dira.

  Guztira, 134 industria eraikin dauden herrian eta 24 bat hutsik daude, hau da, pabilioien %18a. Baina eraikinen azalerari erreparatuta, ehuneko hori txikiagoa da, % 3.5a, alegia. Beraz, hutsik dauden pabilioiak okupatuta daudenak baino txikiagoak dira, orokorrean. Oñatin eraikitako industria pabilioiek 349.959 metro karratu hartzen dituzte orotara. Datu guzti hauek eskuragarri dagoen mapa batean islatu dira. Kontsulta egiteko udaltxera joan behar da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!