Gaztelekuak prest du Kalean 2012 udako programazio berezia.

2012/07/06
Aurtengo eskaintza antzerkiz, kontzertuez, Surf festaz eta Txinatik etorritako akrobazia talde baten emanaldiaz osatu da.

  Udako arratsalde-gau parteko klasikoa da jada Gaztelekuak antolatutako KALEAN programazioa. Izenak ongi adierazten duenez, kultur eskaintza honen ezaugarri nagusia ekintzak, kalean eta herriko eszenatoki ezberdinetan programatzen direla da. Orain 14 bat urte hasi ziren udako eskaintza berezi hau egiten eta esperientziak, hainbat zita ia finko bihurtzea ekarri du. Hala, aurten ere, surf festa ospatuko da herriko gune ezberdinetan eta kasik egun osoan zehar. Kirola, sardina erreak eta musika uztartuko dira.

  Abuztuaren 25erako finkatu da surf festa hori. Aurrez dena den, uztailean bertan beste bi hitzordu izango dira. Hilaren 27an irekiko da KALEAN programazioa. Horretarako, hasieratik kasik urteroko bisitari diren TRAPU ZAHARRA taldeak “ametsetan bizi” kale antzerkia eskainiko du. Hurrengo egunean, uztaileko azken zapatuan, musika izango da. LA JODEDERA, Kuba eta Euskal Herriko musikariek osatzen duten fusio talde bereziaren emanaldia entzun ahal izango dugu.

  Ia hilabeteko etenaren ondoren, Kalean egitaraua abuztu amaiera eta iraileko lehen egunean osatuko da. Aipatutako surf festaz gain, abuztuaren 31an, Josu Zubia gazteak musika eta magia uztartuz ikuskizuna egingo du Atzeko kalean. Egun horretarako beste artista gonbidatu bat agintzen digute antolatzaileek.

  Amaitzeko berriz, irailaren lehenean, Txinako CHONGQING akrobazia taldearen emanaldia izango da plazan. Kalean programazioan Txinako artisten presentzia ere klasiko bihurtu zaigu. Azken urteotan hauen ikuskizunek itxi baitute egitarau berezi hau. Txinan txiki txikitatik lantzen duten flexibilitate eta ekilibrio lanaren emaitzak aurreko urteetan ere txundituta utzi gaitu eta horretxegatik aurten ere halako ikuskizun bat Oñatira ekartzea erabaki dute gaztelekuko arduradunek.