Oñatiko udala

Euskara, uda eta turismoa eskutik datoz, berriro, “Bertatik bertara” kanpainarekin

2025/07/02
Card image cap
Bisitariei eta ostalariei euskararen garrantzia ikusarazteko kanpaina da

  Sei urte daramatzate Udalak eta UEMAk Bertatik bertara kanpaina burutzen. Helburua da udan bisitariak zein bisitariekin harremana duten ostalaritza eta zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera eta erabiltzera animatzea.

  Udaleko Euskara eta Turismo departamenduak elkarrekin ari dira. Orain abian jarri den kanpaina irailaren erdialdera arte luzatuko da. Euskara oinarri duten mahai-gainekoak eta hiztegitxoak izango ditu euskarri, aurreko urteetan bezala. Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmentzen da kanpainan. Hala, mahai-gainekoetan eta hiztegietan, oinarrizko hitzak, agurrak, euskaraz, gazteleraz, katalanez, galizieraz, frantsesez eta ingelesez zerrendatzen dira. Udalak 10.000 mahai-gaineko eta beste horrenbeste hiztegi prest ditu, herriko taberna, jatetxe eta ostatuen eskura jartzeko. Turismo bulegoan jaso ditzakete.

  Era berean, udako eskaintzari dagozkion esku-orriak prestatu ditu Udaleko Turismo departamentuak; Oñatiko monumentu multzoa, San Migel errota, Txokolateixia, Arrikrutzeko koba, Arantzazuko santutegia eta Aizkorriko parke naturaleko interpretazio zentroa bisitatu eta hauek antolatzen dituzten ekintza berezietan parte hartzeko aukerak bildu dira. Esku-orrietako informazioa ere sei hizkuntzetan jarri da. Aizkorri-Aratz parke naturalari eta Hartzaren urratsa GR-ari ere erreferentzia egiten zaio. Gainera, turismo bulegoak eta Arrikrutzek eskaintzen dituzten bisitak online erreserbatzeko QR kodea txertatu da orrian. Halako 5.000 inprimatu dira eta astelehenetik aurrera eskuragarri izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!