Parke Gorriko lanak lizitaziora atera ditu Udalak

Baina tartean, 2018an egokitze lanak egin ziren Etxaluze atzealdeko jolas gunean eta lan horiek eta parke azpian dagoen garajeak, berridatzi den proiektua baldintzatu dute. Baina hasierako diseinuari eutsiz, parkean berdeguneek, zuhaitzek eta belarrak duten lekua gordeko da eta gune berde berriak egokituko dira, balizko ur filtrazioak gogoan, azpian, garajeak daudela kontutan hartuta. Jatorrizko proiektuaren biribilguneen ideiari ere eutsi zaio eta gune biribilak, mahai eta eserleku biribilduak eta biribilean esertzeko adina zabal diren guneak eratuko dira. Forma geometriko hau lehenetsi da, borobilak elkar begiratu eta entzuteko erraztasuna ematen duelako. Hala, parkea, 10 borobil-gunetan banatu da proiektuan. Eserlekuek eta oholtzak metalezko egitura izango dute. Altzari gehienak egurrezko lama bidez estaltzea aurreikusten da eta, kasu konkretu batzuetan, gorriz lakaturiko xafla metalikoz emango zaie akabera elementu horiei. Izan ere, parke gorri izenari keinu eginez, parkearen barneko perimetroan igo eta jaitsi, agertu eta ezkutatu ibiliko den zokalo gorria jarriko da, parkeari osotasuna emanez. Zokalo gorri honek altuera ezberdinak izango ditu. 0,20 metrotatik 0,50-ra edoeta metro beteraino ere igoko delarik.
Orain esleipen prozesuan dauden lanak egiteko lau hilabeteko epea finkatu du Udalak eta aurrekontua, berriz, 271.443,29 euro da. Baina merkatu daiteke, eskaintza ekonomikoa irizpide nagusia izango baita lana lizitatzerakoan. Proposamen ekonomikoak 65 puntuz baloratuko da, obra gauzatzeko memoria teknikoa 25 puntuz eta beste bosna puntuz, berme epea eta lan taldean genero-berdintasuna txertatzea.
Uztailaren 7an amaituko da proposamenak aurkezteko epea.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!