Ez ustekorik gabe Mikel Biain Berraondo alkate aukeratu zuten berriro larunbateko Osoko bilkura berezian

2015/06/15
Card image cap
Udalbatza osatzen duten bi taldeek komunean dituzten puntutan indarrak jarrita, herriaren alde lan egiteko asmoa azaldu zuen

  Adin mahaia eratu, zinegotzien kredentzialak errebisatu eta bakoitzak bere kargua hartu eta gero, alkatea aukeratzeko bozketa egin zen larunbat eguerdian. Aurre ikusita zegoenez, udal talde bakoitzak bere hautagaiaren aldeko botoa eman zuen. Mikel Biainek 10 boto jaso zituen eta Miren Elgarrestak 7. Ondorioz, Mikel Biain Berraondok, alkate izaten  jarraituko du. Kargua hartzeko legeak hala behartuta eta halabeharrez hitza ematen dut formula erabili zuen.

  Rafael Kortabarriak, Udalbatza berriko zinegotzi nagusiena denak eman zion alkate txibita Mikel Biaini, Udaletxeko areto nagusia betetzen zuten herritarren txalo artean. Alkate izendatu berriak hitza hartu zuen ondoren. Familiakoei eskerrak eman zien lehenik eta herritarrak eskertu zituen ondoren, bereziki maiatzaren 24an EH Bildu bozkatu zutenak eskertu zituen. Aurreko lau urteetan egindako lana herriak babestu duenaren ilusioz ekiten dio legealdi berriari alkateak. Azken lau urteotan Udalbatzan kide izan zituenei banan-bana eskerrak eman zizkien eta korporazio berrikoei ere ongi etorria eta elkarrekin lanean aritzeko animoak eman zizkien.

  EAJ edo beste alderdi batzuei bozka eman zieten herritarrak ere gogoan izan zituen alkateak eta guztien ekarpen eta eskariak entzuteko prest daudela esan zuen. 
Udalbatza, EH Bildu eta EAJk osatuko dute datozen lau urte hauetan berriro eta zenbait gaietan gora beherak izango dituztela jakin arren, komunean dituzten puntuetan indarra jartzeko asmoa azaldu zuen Mikel Biainek. Era berean, adostasunerako bost oinarri zehaztu zituen: erabakitzeko eskubidearen inguruan eta udalean gardentasunerako urratsak ematea, herritarren partaidetzarako lan lerro eta dinamika berriak lantzea, politika sozialetan atzera pausorik ez ematea eta ingurumenaren babeserako politika errealak gauzatzea.

  Udaletxeko areto nagusira joaterik izan ez zuten herritarrak gogoan izan zituen eta bereziki, preso eta erbestean dauden oñatiarrak aipatu zituen.

  Miren Elgarresta jeltzaleak ere hitz egin zuen. Alkatea eta Udalbatza osatzen duten kide guztiak zoriondu ondoren, honek ere, herritarrak eta bereziki EAJ bozkatu zutenak eskertu zituen. Alderdiari ere eskerrak eman zizkion beragan jarritako konfidantzagatik.

  Euzko Alderdi Jeltzalea, oposizioan arituko dela adierazi zuen eta oposizioan aritzea gobernuan aritzea bezain arduratsua dela argitu zuen. Gobernuaren kontrola egingo dutela esan zuen eta elkar-ulertzeko saiakera zintzoa egingo dutela aurreratu zuen.

  Amaieran, talde argazkia atera zuen Udalbatza berriak eta alkate doinuaren laguntzaz udaletxe aurrealdera jaitsita, dantzari bikote batek aurreskua eskaini zien.

  Udalbatza eratu da baina ardurak banatzeko daude. Legez, 30 eguneko epea dago orain udal batzordeak zehaztu eta bakoitzean arituko diren partaideak izendatzeko. Osoko Bilkura hori bi-hiru aste barru egingo zela aurreratu zuen larunbatean alkateak, uztailaren 2an izan liteke. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!