Espainiako bandera udaletxeko fatxadan jartzeko beharraz jaso den sententzia, Asier Guridiren atxiloketaren haritik Bilduren mozioa eta LOMCE lege proposamenaren aurkako adierazpena aztergai izango dira gaur arratsaldeko Osoko Bilkuran.

2013/09/26
Card image cap

  8 dira gaurko bilkurarako zerrendatu diren gaiak. San Martin auzoan zozkatu diren babes ofizialeko azken 6 etxebizitzen behin-behineko esleipendunen berri ematea, herritar batek egin duen lursail lagatze eskaera edota 2014ko tokiko jaiegunak zehaztea dira horietako batzuk.

  Larraña institutuko pilotalekuaren ordenantza arautzailea hasiera bateko izaeraz onartzea edota astean zehar jada aurreratu dugun Espainiako bandera udaletxeko fatxadan jartzeko beharraren inguruko sententziaren berri ere emango da. Epaitegiek, udalak tartejarritako helegite guztiak atzera bota dituzte eta gobernu ordezkaritzak egindako errekerimendua bete beharko da, hau da, udaletxeko fatxada nagusian eta baita areto nagusian ere Espainiako bandera preferentziazko leku batean jarri beharko da. Auzibide administratiboa agortzen duen azken sententzia honek agindutakoa beteko duen organoa ofizialki izendatuko da gaurko bileran eta hortik aurrera, bi hilabeteko epea izango da sententzia betetzeko.

  Gai hau, esan bezala, beste 7rekin batera gaurko lan zerrendan jasota dago. Zerrenda horretan agertu ez arren beste bi gai ere aztertu daitezen eskatuko da: Asier Guridiren atxiloketaren haritik Bilduk sinatzen duen mozioa eta LOMCE lege proposamenaren aurkako adierazpena. Bi gai hauei sarrera berandu eman zitzaien eta horretxegatik ez ziren lan zerrendan sartu. Halakoetan, gaien urgentzia azaltzen da eta udalbatzak hala onartuz gero aztertu egiten dira. Arratsaldean ere, hala egingo dela pentsatzen da.

  Ostiralean Venezuelan atxilotu zuten Asier Guridiren ingurutik esan bestalde, Osoko Bilkura hasi aurretik elkarretaratzea egingo dela udaletxe aurrealdean. “Euskal Herriak bakea behar du” da aukeratutako lema. Ondoren, elkarretaratzera bildutakoak Osoko Bilkurara joango dira. 7etan izango da elkarretaratzea, 7 eta erdietan Osoko Bilkuraren hasiera.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!