"Eraginkorragoa" eta "ekonomikoagoa" da orain kale garbiketa zerbitzua

2018/10/31
Bi urte dira Udalak zerbitzuaren kudeaketa zuzena berreskuratu zuela

  Udalak kale garbiketa zerbitzua publifikatu zuela 2 urte igaro direnean, erabakiaren balorazioa egin du gobernu taldeak. Mikel Biain alkateak balorazio kuantitatibo eta kualitatiboa berezitu ditu, hau da, alde  ekonomikoa eta kalitatea. Balorazio ekonomikoari dagokionean, pasa den maiatzean Udal Kontuhartzaileak egin zuen txosten ekonomikoa hartu da oinarri gisa. Alderaketa homogeneoa eginez gero, hau da, FCCk zerbitzurako erabiltzen zituen makina barredora bat eta 8 langileko taldea egungo kudeaketa zuzeneko eredura ekarrita, zerbitzuaren kostua ia 403 mila euro litzateke Udalarentzat. Baina FCCren urteko kostua  567 mila euro pasatxo zen. Datuak ikusita, gobernu taldeak atera duen lehen ondorioa da, baliabide kopuru berdinak alderatuta, kudeaketa zeuzenean %30a jaitsi dela kale garbiketa zerbitzuaren urteko kostua.

  Baina udal gobernutik garbi utzi nahi da erabakia ez zela irizpide ekonomikoetan oinarritu bakarrik; zerbitzuaren kalitatea eta kontrola hobetzeko asmoz baizik. Horregatik, zerbitzu berria diseinatzerakoan,baliabide gehiago eta prozedura berriak ezarri ziren. Honek ekarri du zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetzea. Sortu den lantaldeko pertsonak eta antolakuntza berria dira hobekuntzaren gako nagusiak, udal arduradunen esanetan.

  Egungo zerbitzuak modu iraunkorrean 11 langile, 2 barredora, kamioia eta presiozko garbiketa tresneria berria ditu.  Langile gehiago eta makinaria gehiago jarrita, oraindik ere FCCren kostua baino merkeagoa da kudeaketa zuzeneko zerbitzua, 5.000 € merkeagoa, urtean.

  Baina pribatizaturiko zerbitzu bat publiko bihurtzea oso konplexua da bereziki pertsonal arloari dagokionean. Oñatiko kasuan, langile ordezkariekin lehiaketa oinarriak adostuz lan eskaintza publikoa egin zela gogorarazi du Gobernu taldeak. Lehiaketa horretan kanpoan gelditu ziren FCCko langileei ia 225 mila euroko kalte-ordaina ordaindu zien Udalak. Baina zerbitzua zuzenean kudeatzeak duen aurrerapen horrek kalte-ordainen efektu ekonomikoa amortizatzeko bidea ere ematen duela azpimarratu du gobernu taldeak. Alde horretatik, oinarrizko zerbitzuak modu zuzenean eta publikoan eskaintzeko erabakia berretsi du udal taldeak bere balorazioan.

Iturria: Oñati Irratia