Oñatiko udala

“Denbora bere lekura” poesia liburu berria aurkeztu du Gerardo Markuletak Donostiako Udal Liburutegian

2015/06/02
Card image cap
Azken urteak itzulpengintzan eman ditu oñatiarrak

  Denbora bere lekura Gerardo Markuletaren bosgarren poema liburua da. 2006an argitaratutako Ezjakintasunak zen orain arteko bere azken poesia bilduma. Izan ere, itzulpengintzan murgilduta aritu baita Markuleta azken urteotan, bai hitz-lauzko lanak itzultzen baita beste batzuen poemak gazteleratu edo euskaratzen ere. Hala, Rikardo Arregiren Kartografia edota Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik lanak gaztelerara itzuli ditu eta atzerriko poetak euskaratu ere bai. Horren adibide, Estellés euskaraz eta poeta katalan garaikideak lanak, 2013 eta 2014an argitaratutakoak.

  Aipagarria da Gerardo Markuletaren poema asko musikatu eta kantu bihurtu direla Mikel Urdangarin, Anje Duhalde edota Jabier Muguruzaren eskutik. Jabier Muguruzak lagunduko dio  hain zuzen ere, gaur arratsaldean, Donostiako Garoa liburu dendan egingo duen aurkezpen musikatuan. Denbora bere lekura liburuaren aurkezpen bikoitza egingo baita gaur. Eguerdian, prentsaurrekoa egin da Donostiako Udal liburutegiko sotoan eta arratsaldeko 19.00etan,  Jabier Muguruzaren konpainian, aurkezpen musikatua egingo da Garoa liburu dendan.  Aurrez, asteburuan, larunbatean, Zarauzko Literaturian parte hartu du idazle oñatiarrak.

  Gerardo Markuletaren bosgarren poesia liburua Erein argitaletxeak kaleratu du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!