2015-2019 epealdirako Udal Diru-laguntzen Plan Estrategikoa behin betikoz onartu da

2015/09/15
Card image cap
Udalak, diru-laguntza kontzeptuan ia 3 milioi eta erdi euro banatuko ditu aurten

  Udalek agintaldi bakoitzean banatzea aurre ikusten dituzten diru-laguntzak legealdiko plan estrategikoan bildu eta argitaratzea agintzen du legeak. Tramite hori beteaz, 2015-2019 epealdirako Oñatiko Udalaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoa uztaileko Osoko Bilkuran onartu zen behin behineko izaeraz eta jende agirian jarri zen. Erreklamaziorik aurkeztu ez zenez, dokumentua, behin betiko onartu berri da.

  Diru-laguntzen Plan Estrategiko honetan, udalak babestu asmo dituen lan arlo, talde eta kolektiboak orokorrean zerrendatzen ditu. Bide batez, urtean zehar banatzen dituen diru-laguntza guztiak dokumentu bakarrean biltzen ditu, nahiz eta oso modu orokorrean izan.

  Udalaren diru-laguntzak zortzi esparrutan banatzen dira: komunikazioa eta partaidetza, gizarte zerbitzuak, kirolak, kultura, barne antolaketa, sozioekonomia, lurralde antolaketa eta aisialdi hezitzailea esparruetan. Esparru bakoitzean zein helburu bete asmo diren zehazten da dokumentuan eta bide batez, 2015eko aurrekontuan zenbateko diru partida berezitu den.

  Diru laguntza kopuru handieneko esparruak lurralde antolaketa eta gizarte zerbitzuak izango dira aurten. Lurralde antolaketa esparruan, hirigintza eta zerbitzuak batzordea eta ingurumena eta landa garapena batzordeari dagozkion diru-laguntzat batzen dira. Auzotasun eta ingurumen egitasmoak bultzatu eta Mankomunitatearen zenbait zerbitzu-jarduera diruz laguntzea aurre ikusten du. Ia milioi eta erdi euroko gastua aurre ikusten da aurtengo. Gizarte zerbitzuak esparruan berriz, erdia, ia 750.000 euro banatzeko asmoa dago. Dirua, pobrezia edo desbabestu egoeran daudenei laguntzera, populazio talde ahulenei laguntzera edota, gizarte ekintzak, genero politikak eta garapen bidean dauden herrien elkarlana sustatzera bideratuko da.

  Guztira, ia 3 milioi eta erdi euro bideratuko ditu aurten Udalak, esparru ezberdinetara zuzendutako diru-laguntza kontzeptuan

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!