Oñatiko Turismo bulegoak Turismo Enpresa Adimendunaren AENOR ziurtagiria lortu du
Oñatiko Turismo Bulegoak Turismo Enpresa Adimendunaren (ETI) ziurtagiria eskuratu du, AENOR erakundearen eskutik. Turismo-kudeaketan berrikuntzaren, digitalizazioaren, irisgarritasunaren eta jasangarritasunaren alde egindako lana aitortzen du agiri honek. Ziurtagiria Basquetourrek, Turismoaren Euskal Agentziak, Euskadiko turismo-sektorearen lehiakortasuna eta modernizazioa sustatzeko bultzatutako programaren baitan kokatzen da. Turismo Enpresa Adimendunaren helburu dira, kudeaketa hobetzea, teknologia berriak txertatzea eta bisitariei esperientzia hobea eskaintzea. Oñatiko Turismo Bulegoarentzat aitortza hau urrats garrantzitsua da, turismo-zerbitzuen etengabeko hobekuntzan eta Debagoiena-Oñati Helmuga Turistiko Adimendunaren garapenean. Izan ere, Debagoieneko Mankomunitateak 2023-2024 ikasturtean eskuratu zuen Turismo Helburu Adimendunaren ziurtagiria, eta horren garapenetik eskuratu du aitortza Oñatiko Turismo bulegoak.
Turismo bulegoak kalitatearen alde duen konpromisoa aspalditik dator; Q Kalitate Turistikoaren ziurtagiria lehen aldiz, Euskal Turismoaren XII. Galan jaso zuen, 2006ko abenduaren 14an. Aurten, beraz, 20 urte betetzen ditu turismo-zerbitzuen kalitatea eta profesionaltasuna bermatzeko bidean. 2026ko azaroan argitaratutako azken erregistroaren arabera, Euskadin 31 establezimendu eta zerbitzu turistikok dute ziurtagiri hori, tartean 13 turismo-informaziorako bulegok, eta noski, Oñatikoak.
Oñatik ondare historiko, kultural eta natural aberatsa eskaintzen die bisitariei. Hirigune historikoa, Sancti Spiritus Unibertsitatea, Arantzazuko Santutegia, Arrikrutzeko koba, Txokolateixia eta ingurune naturala dira udalerriaren erakargarri turistiko nagusietako batzuk.Baliabide horien balioa ez ezik, bisitariei eskaintzen zaien arreta eta informazio turistikoaren kalitatea ere funtsezkoak dira helmugaren garapenean. Horregatik, Oñatiko Turismo Bulegoak zerbitzuak hobetzen jarraitzen du, tresna digital berriak txertatuz eta informazio turistikoa eskuragarriago eginez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!