Onnera Group Fagor taldetik aterako da
Fagor taldean jarraitzearen inguruan Onnera Groupek barne hausnarketa prozesu bati ekin ziola jakinarazi zuen Zuzendaritza eta Errektore kontseiluak azaro hasieran eta ondorioak plazaratuta, irten ala ez erabakitzea eskatu zaie gau bazkideei, goizean egin den Batzar Nagusian. Hainbat gai aztertu dira Oñatiko instalazioetan bertan egin den Batzarrean eta galde-erreguetarako tartearen ondoren egin da bozketa. Onnera Group-eko bazkideen gehiengoak, %70ak, Fagor taldetik irtetea erabaki du. Fagor taldetik irtengo dira baina Mondragon Taldean jarraituko dute, hori ez baita bozkatu ezta zalantzan jarri ere. Bi estamendu ezberdin baitira Fagor eta Mondragon taldeei dagozkienak.
Ez da lehen aldia 2013ra arte Fagor Industrial zenean Fagor taldean jarraitu ala ez bozkatzen zela; orain lau urte ere galdera hori egin zen eta bazkideek taldean jarraitzea erabaki zuten, baina gaur egin den bozketa berriaren emaitza bestelakoa izan da, eta gehiengoak Fagor taldetik irtetea bozkatu du. Orain, taldeari berari Onnera Groupen erabakiaren berri emango zaio eta irteera hori modu egokian egiteko prozedura hasiko da.
Onnera Group sukaldaritzarako, garbiketarako eta hotz aplikazioetarako soluzioak eskaintzen ditu. Taldea 2.365 profesionalek baino gehiagok osatzen dute, 7 fabrikazio lantegitan eta munduan estrategikoki banatutako 10 ordezkaritza komertzialetan banatuta. 2025 amaierako datuen arabera, 432 langile bazkide dira eta horien gehiengoak erabaki du Fagor taldetik irtetea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!