Oñatin erroldatutako 8.818 lagunek dute domekako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea
Ohiko 15 hauteskunde mahaiak irekiko dira domekan, Zubikoako kantxa urdinean, Santa Marinako Elkar Hezi ikastetxean eta Natur Eskolan, 2024an egin zen aldaketari segida ematen. Bakoitzean presidente lanak betetzeko izendapena jaso duten herritarrekin bilera egingo da gaur 19:00etan, udaletxean, dokumentazioa jaso eta zalantzak argitzeko. Presidente titular izendapena dutenek bakarrik joan beharko dute bilerara eta udaletxera plaza aldeko atetik sartzea eskatu zaie.
Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan espainiar nazionalitatea izan eta Oñatin erroldatuta dauden 18 urtez gorakoek hartu dezakete parte, 8.818 lagunek guztira, udaletxean astean jaso ziren hautesle zerrenden arabera.
Bozka emateko bi koloretako zerrendak eta kartazalak eskuragarri izango dira. Diputatuen kongresurakoak zuriak dira eta aukeran, 11 hautagaitza izango dira, eta 8 berriz salmoi koloreko Senaturako hautagaitzak. Kasu honetan zerrenda irekiak dira eta gehienez hiru hautagai aukeratu ahal izango dira, dagokien laukian gurutzea eginda. Kongresurako zerrendak berriz, itxiak dira eta alderdi baten hautagaitza osoa babestu beharko da. EH Bildu, Euzko Alderdi Jeltzalea, PSE-EE; Partido Popular, Partido Animalista con el medio ambiente, Frente Obrero, Vox, Escaños en Blanco, Podemos, Euskadiko Langileen Alderdi Komunista eta Frente Amplio dira Gipuzkoan Diputatuen Kongresurako aurkeztu diren hautagaitzak eta Senaturako, berriz, EHBildu-ERC hautagaitza bateratua, Euzko Alderdi Jeltzalea, PACMA, Podemos, Euskadiko Langileen Alderdi Komunista, Aurrera doan senatua eta Vox. Kongresurako sei diputatu hautatuko dira Gipuzkoan eta Senaturako berriz, lau kide.
2023ko uztailean egin ziren aurreko hauteskunde orokorretan Oñatin EH Bildu izan zen bozkatuena, botoen ia % 51arekin eta EAJ, bigarrena, % 28arekin. Abstentzioa, berriz, ia % 31 izan zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!