Goya sarirako hautagai da berriro Aitor Arregi, Jose Mari Goenagarekin batera
Nabarmena da Euskal Herriko zinemaren nagusitasuna 40. Goya sarien hautagaien zerrendan; Alauda Ruiz de Azua barakaldarraren Los domingos filma da haugaitza gehien dituen proiektua, 13 izendapenekin, eta euskaraz errodatutako Maspalomasek, 9 hautagaitza dauzka, tartean, zuzendaritzarena, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarentzat. Oñatiarrak badaki zuzendari onenaren kategorian hautagai izatea zer den, hau laugarren aldia baita, eta badaki baita ere Goya saria jasotzea zer den, Handia pelikularekin eskuratu baitzuen.
Handiak Goya sarietarako 13 hautagaitza eta 10 sari lortu zituen, 2018an. Ikusteke dago aurten 13 hautagaitza pilatu dituen Los domingos filmak zenbat eramaten dituen. Moriartiren Maspalomasek 9 hautagaitza ditu eta biek bat egiten dute filma, zuzendaritza eta gidoi onenaren sarietarako hautagaitzetan. Los domingosen egindako lanagatik Patricia Lopez Arnaizek eta Maspalomasen egindako lanagatik, Jose Ramon Soroizek emakumezko eta gizonezko aktore onenen hautagaitza ere jaso dute, hurrenez hurren. Taldeko aktore onenen sarirako ere bi pelikuletako aktoreak izendatuta daude.
Gaua, Decorado, Eloy de la Iglesia, adicto al cine eta Zona Wao dira hautagaitzaren bat lortu duten beste euskal filma batzuk. Otsailaren 28an Bartzelonan egingo da 40. Goya sarien ekitaldia eta Euskal Herrian eta euskal herritarrek egindako filma eta profesional askok saria eskuratuko dute, eskuratu dezakete, kasik kategoria denetan lurraldeko antzezle, zuzendari edo teknikariren bat hautagai delako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!