Oñatiko udala

Eroski Center surpermerkatuko aparkalekua itxi egingo dute

2026/11/20
Card image cap
Ibilgailuen sarrera eta irteera kontrolatzeko hesiak jartzeko lan baimena eskuratu du kooperatibak

  Eroski Center supermerkatu aurrealdeko aparkaleku-eremua pribatua da, erabilera publikoa duen arren. Denda atzealdean, berriz, bezeroentzat itxita dagoen beste eremu bat dago, erabilera partikularreko plaza eta zama lanetarako gunearekin. Bi eremuetarako sarbidea berbera da, Arantzazuko Ama kaletik eta espaloia igarota dagoen sarrera. Eta sarrera horretan bi hesi automatiko instalatzeko lan-baimen eskatu zuen Eroski kooperatibak eta Udalak, baimena eman berri du.

  Aparkalekuaren sarrera seinaleztatzeko errotulu bat jarriko da eta bi hesi automatiko instalatuko dira, bat, ibilgailuen sarrerarako eta bestea irteerarako. Gainera, matrikula eta QR kode-irakurgailuak, bideo-kamerak, interfonoa eta kontrol zentroa izango ditu. Aparkalekua merkataritza ordutegi eta egutegian irekiko da: 9:00etatik 21:00etara; ordu eta erdiz doakoa izango da eta ondoren minutuka ordaindu beharko da, kooperatibako arduradunek jakinarazi dutenez.

  Eremua jabetza pribatukoa da eta eskatutako baimenak ez du aparkalekuaren egungo diseinua aldatuko; ez da aparkalekuen kopurua edo banaketa aldatuko. Eta hain zuzen ere, lanerako esku-hartzea eremu pribatuan egingo denez, udalak ez du aparteko arrazoirik ikusi baimena emateko. Alkate dekretuz eman den lan-baimenak 6 hilabeteko iraupena duela jakinarazi zaio kooperatibari. Hala ere, lanak datozen asteetan egitea aurreikusten da. Lanak egin bitartean aparkatzeko eremua pitin bat mugatu liteke, besteak beste, zanga bat ireki beharko delako argindar eta datu-komunikaziorako instalazioa egiteko, supermerkatutik hesietaraino.

  Eroski Center supermerkatuko aparkalekuak 108 plaza ditu, horietako 5 aparkaleku irisgarriak dira eta beste 4 ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak. Orain arte supermerkatuko bezeroek ez ezik, pareko ikastetxera doazen gurasoek edota inguruko bizilagunek ere erabili izan dituzte baina baimendu diren sarrera eta irteerako hesiak jarrita, bertan aparkatzeko aukera murriztuko da, bai behintzat denboran, doan, ordu eta erdiz utzi ahal izango delako,, kooperatibak udalari jakinarazi dionez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!