Oñatiko udala

Zubillagako suhiltzaileen parkearen birmoldaketa integrala egingo du Foru Aldundiak, datorren urtean

2025/06/20
Card image cap
Lanen proiektu- idazketa esleipenera atera du

  Zubillagako suhiltzaile-etxea 1986an ireki zen; Gipuzkoako Foru Aldundiaren sarea osatzen duten 8 parkeetan zaharrena da. 2017an lurraldeko suhiltzaileen parkeak berrantolatzeko plana garatu zen, zerbitzua Oñatitik Bergarara aldatzea proposatuz. Baina lekualdaketa horri buruzko zalantzak sortu ziren eta aukera baztertu egin zen azkenean. Bitartean, ordea, eraikina zahartuz joan da, ez baita mantentze lan sakonik egin.

  Zubillagako suhiltzaile-etxea guztiz birmoldatzea aurreikusten du Foru Aldundiak, eraikinaren birgaitze energetiko eta funtzionala gauzatuz. Horrela, Oñatiko eraikinaren segurtasuna, funtzionaltasuna eta efizientzia hobetu nahi ditu Diputazioak. Lanen proiektu idazketa eta ondorengo zuzendaritza esleitzeko prozedura martxan da. Finkatu den lizitazio aurrekontua 122.165 euro da eta proiektua idazteko 12 asteko epea zehaztu da, lanen zuzendaritzarako, 12 hilabete.

  Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuaren 2024ko balantzea aurkeztu zen, orain egun gutxi dela. 3.300 esku hartze baino gehiago izan zirela adierazi zen, aurreko urtean baino %10 gehiago. Esku hartze gehienak salbamenduak izan ziren; laguntza teknikoak bigarren ugarienak izan ziren, batez ere, fenomeno meteorologiakoen eta liztorren habien ondorioz; eta suteak hirugarren lekuan kokatu ziren. Zubillagako parkeko profesionalek 391 irteera egin zituzten iaz, irteera gehien bete zituen laugarren parkea izaki.

  Parke bakoitzeko dotazioa handitu egin zen iaz, suhiltzaile-kabu bat eta lau suhiltzaile izatetik kabu bat eta bost suhiltzaile izatera pasatu zirelarik, edozein larrialdiri aurre egiteko gaitasuna hobetuz. Langileen prestakuntza espezializatua ere indartu zen eta ekipamendu teknikoan hobekuntza garrantzitsuak egin ziren, esku hartzeko jantziak osorik berrituz, estres termikoa murrizten dutenak eta erorikoen aurkako arnes integratuak dituztenak erosi ziren, Diputazioko iturriek jakinarazi zutenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!