Oñatiko udala

Zubillaga-Oñati hiltegia Landaola sarietan hautagai da berriro

2026/03/05
Card image cap
Bihar eguerdian egingo da sari banaketa Mendaroko San Agustin Kulturgunean

  Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egiten diete Landaola Federazioaren sariek. Aurten bederatzigarren aldiz banatuko dira eta lau sari izango dira guztira: erakunde pribatuaren saria, erakunde publikoaren saria, emakumeak landa eremuan saria eta urteetako ibilbideari saria. Sari-emate ekitaldia, bihar egingo da Mendaroko San Agustin Kulturgunean, 12:00etan hasita.

  Zubillaga-Oñati hiltegia hautagai da erakunde pribatuei zuzendutako sarirako, animaliak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzu aitzindaria jartzeagatik. Zerbitzua irekia dela kontutan hartu da sarien hautagaitzarako eta hiltegiko ohiko erabiltzaileek zein kanpoko profesionalek erabili dezaketela, alegia, lehen sektoreko profesional guztien lana errazteko intentzioz inplementatu dela. Erakunde pribatuen kategorian izendatu diren beste bost proiektuak dira: Bizi-Iraun Oiartzungo baserritar elkartea; Basagune Kontsumo elkarte ekologikoa; Basoberri proiektua, Zegamako Soraluze baserrian; Soronea familia egitasmoa eta Luzaro Errezilgo azoka.

  Erakunde publikoen atalean beste sei hautagai daude eta bat Debagoienean kokatzen da: Leintz Gatzagako Udala, herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin, zerbitzu anitzeko eraikina sortu izanagatik. Besteak dira: Igeldoko toki entitate txikia, Itziarko auzo udala; itsaso Herria “sindikatoa” herri denda; Saiaz mankomunitatea eta Beizamako Udala. Urteetako ibilbideari saria eta Emakumeak Landa Eremuan saria egunean bertan adieraziko dira. Landaola Federazioa osatzen duten Gipuzkoako sei landa garapen agentziek aukeratu dituzte hautagaiak.

  Bigarren aldia da Zubillagako hiltegia Landaola sarietarako hautagai dela, orain hiru urte, haragiaren balio katean hiltegi zerbitzua hobetzen egindako ahaleginagatik izendatu zuten. Iaz berriz, Oñatiko Udala izan zen hautagaia, herriko toponimia jaso eta ekarpenak egiteko aukera ematen duen mapa interaktiboa sortzeagatik. 2022an Gomiztegi artzain eskolak eskuratu zuen Landaola sari berezia, urteetako ibilbidea aitortuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!