Oñatiko udala

Zubillaga Hiltegiak balantze positiboarekin itxi du 2025eko ekitaldia, abere eskasiari aurre eginez

2026/06/12
Card image cap
Behi aziendetan gertatu den jaitsiera, ardi eta bereziki zaldi azienden hazkundearekin konpentsatu da

  Batzar Orokorra egin du Zubillaga Hiltegi-Zatitze zerbitzuak eta 2025eko ekitaldiaren emaitzak positibotzat jo ditu zuzendaritzak. Sektoreak bizi duen testuingurua konplexua den arren, sozietateak egonkortasuna mantentzea lortu du, bai operatiboki eta baita ekonomikoki ere. Abere eskasia esanguratsua izan zen iaz eta horrek eragin zuzena izan du ekoizpen datuetan. Zubillagan, guztira 1.535.195 kg ekoitzi ziren, aurreko urtean baino %3 gutxiago. Jaitsiera hori behi aziendan nabaritu da batez ere, %3,5 gutxitu baita, baina beste animali batzuen hazkunde garrantzitsuak konpentsatu du; ardi azienda %5 gehitu da eta zaldi azienda, %15. Ondorioz, Zubillagako hiltegiak ekoizpen maila mantentzea lortu du, 2024ko datuen oso parekoak emanez

  Zubillagan iaz hil ziren animalien %43a Bizkaitik ekarri zen, %30a, berriz, Gipuzkoatik. Kontu egin behar da Gipuzkoan beste bi hiltegi gehiago daudela. Hala ere, Tolosakoa ixteak baserritar eta bezero berriak ekarri ditu Zubillagara. Zubillagako hiltegian bazkide diren Oñati eta inguruko herrietan ekoizpen osoaren %16 kontsumitzen da, eta zatitze zerbitzuaren erabilera egonkor mantendu da bazkide diren herrien artean. Zerbitzu honen erabiltzaileak harakinak dira nagusiki, %43a. Tokiko eta hurbiltasuneko zerbitzu eta produktuak duen garrantzia nabaria da. Alde horretatik, Gipuzkoako abeltzain talde batekin lortu den akordioa azpimarratzekoa da, BM-Uvesco taldeari 17 txahal hornituko baitzaizkio astero.

  Guzti honek maila ekonomikoan isla izan du. Finantza aldetik, Zubillagako hiltegiak norabide aldaketa positiboa berretsi du; 2024ko balantze negatiboa gaindituta, 2025eko ekitaldia irabazi garbiekin itxi du. Emaitza honek zerbitzuaren bideragarritasuna bermatzen du, kudeaketa gastuen kontrolari eta zatitze zerbitzuaren sendotasunari esker.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!