Herri Batzarra egingo du EH Bilduk, bihar goizean
EH Bilduk udal gobernuan beteko duen laugarren legealdia amaitzear dagoen honetan, egindakoaren balantzea eta plangintza berria osatzeko unea iritsi dela jakinarazi du koalizioak. Horren harira, Herri Batzarra antolatu dute bihar goizerako Eltzian. 2011n abiatutako bidearekin jarraituz, komunitatea elkartu eta elkarlanean jarri nahi da, Oñatin ematen ari diren aldaketez hausnartu eta hurrengo urteetan izango diren erronka nagusiak identifikatzeko.
Orain arte egindakoa balioan jarri nahi da eta, bide batez, etengabe eta oso arin aldatzen ari den munduan, ahalik eta hobekien moldatuko den Oñati kokatzeko beharrezkoak diren egokitzapenak denon artean zehaztu eta irudikatu nahi dira. EH Bilduren ikasturte honetako lanketaren abiapuntua moduan planteatzen da biharko Herri Batzarra, ilusioz eta konpromisoz, koalizioaren proiektuari bulkada berri bat emateko helburuz.
Deialdia irekia da. Herri Batzarra Eltzian egingo da, bihar, esan bezala, 9:15etan hasita. Goiz osoan luzatzea aurreikusten da eta tartean, sorpresaren bat ere egongo dela iragarri dute antolatzaileek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!