Zuazola-Larraña institutuko ikasleek hiru sari eskuratu dituzte Aldundiak babestutako euskarazko ikus-entzunezkoen lehiaketan
Nerabeak ikus-entzunezkoen testuinguruan euskaraz aritzeko sustapen dinamika esperimentala da Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz abiatu zuen hau. Lehen esperientzia honetan sei ikastetxek parte hartu dute baina herrialdeko ikastetxe guztietara zabaltzeko asmoa dago datorren ikasturtean.
Gazteak euskaraz etorkizuna eraikiz izenburupean, ikus-entzunezkoak sortzeko formazio saioak egin dira ikasleekin eta beraien lanak sortzera animatu dira, lehiaketa proposatuz. Ikasleek beren lanak sortu, ekoiztu eta Hi Gazte! plataformaren bitartez sareratu dituzte. Zuazola-Larraña institutuko DBH 3. mailako nahiz batxilergoko lehen mailako ikasleek parte hartu dute esperientzian. Gazteenen kasuan eskolako kurrikulumean, plastika ikasgaian txertatu da proiektua eta helduenen kasuan, ikasgai ezberdinak ukitu dituen zeharkako proiektua izan da. Hala, taldeka nahiz bakarkako 17 lan aurkeztu dituzte Aldundiak antolatutako lehiaketara. Eta lanek sariak lortu dituzte, atzo banatu ziren 6 sarietatik 3 Oñatira etorri baitira.
Atzo goizean egin zen sari banaketa ekitaldia Donostiako Tabakalerako 2deo laborategian. Lehen sari orokorra, Ordiziako Jakintza ikastolak eraman zuen, bigarrena berriz, Zuazola-Larraña institutuko Ibai Zubiaren Hezkuntza etorkizunean lanerako izan zen. Gainera, Euskara saria eta Publikoaren saria ere oñatiarren lanentzat izan ziren. Euskara saria lehen batxilergoko ikasleen talde lan batek irabazi zuen, Gipuzkoa garapen jasangarrirako bidean lanak hain zuzen ere, eta Publikoaren saria Egoi Iñurritegiren Hezkuntza etorkizunean lanak. Saritan banatu ziren 2000 eurotik 1000 euro Oñatiko ikasleek eskuratu zituzten. Dirua, hori bai, ikas bidaietarako izango da.
Aldundiko arduradunek egitasmo pilotu honen irakurketa oso positiboa egin dute eta hurrengo edizioa prestatzen ari dira jada, sariketa lurraldeko ikastetxe guztietara zabaldu asmo baita. Helburua, nerabeak euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzera bultzatzea da. Izan ere, gaztetxoek ikusten dituzten eduki guztietatik, 10etik 7 gaztelaniaz dira, 2 euskaraz eta 1 ingelesez. Baina euskarazko ikus-entzunezkoak sarean badaudela jakinarazi nahi zaie gazteei. Eta kontsumitzaile huts izatetik haratago, ekoizle izatera ere animatu nahi dira gazteak, era honetako ekimenen bitartez. Aldundiak babestutako programa honen baitan gazteek sortu dituzten lan guztiak Hi Gazte! plataforman ikusgai daude.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!