Oñatiko udala

Jakiundek hamar kide berri izendatu ditu Oñatin egindako Osoko Bilkuran

2026/11/23
Card image cap
Bosna kide urgazle eta urgazle gazte gehitu dira Akademiara

  Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak Enpresagintza Fakultatean egin zuen Udazkeneko Osoko Bilkura, ostiralean. Batzarrean hamar kide berri izendatu ziren: bost urgazle eta beste bost urgazle gazte. Kide urgazleen kategorian, honako hauek sartu dira: Ignacio Arganda, Ikerbasqueko ikerketa-irakaslea EHUn eta irudi biomedikoaren analisian aditua; Pedro Arrazola, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko irakaslea eta Mekanizazio Laborategiko arduraduna; Miren Arzalluz, arte-historialaria eta Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusia; Lourdes Basabe, Ikerbasqueko ikerketa-irakaslea EHUn eta Microfluidics & BIOMICs Clusterreko zuzendaria; eta Nadine Couture, Bidarteko ESTIAko Informatikako katedraduna. Kide urgazleek Akademiaren jardueretan hartzen dute parte, hitza dute baina botorik ez. Gainera, beste bost kide urgazle gazte izendatu zituzten: Ane Berro hizkuntzalaria, Deustuko Unibertsitatekoa; Edurne Iñigo, Zuzenbidean lizentziaduna eta Deusto Business Schooleko Marketineko irakasle titularra; Iban Larrandaburu, Zuzenbide Publikoan doktorea, Pyrene Euro-Institutoko ikerketa-proiektuen arduraduna eta mugaz gaindiko lankidetzan aditua; Juan Manuel Matxinbarrena, EHUko Psikologia irakaslea; eta Claire Tonnelé, kimika fisikoko Ikerbasque ikertzailea EHUn eta DIPCn. Jakiundek 2017an sortu zuen kategoria hau, bere lanari belaunaldien arteko ikuspegia gehitzeko; kideek 45 urte bete arte jarraitzen dute gazte kategoria horretan.

  Urgazle eta urgazle gazteak izendatuta, Akademiaren begirada berritu eta zabaldu ez ezik, ezagutza indartzen duela adierazi zuen Ana Zubiagak, Jakiundeko lehendakariak. Kide berriek datorren Udaberriko Osoko Bilkuran hartuko dute kargua. Akademiako kideentzat soilik izan zen saioan, lehendakariak bere txostena aurkeztu eta 2027ko aurrekontua onartu zen. Osoko Bilkuraren hasieran duela gutxi hil zen Iñaki Dorronsoro ohorezko akademikoa gogoan hartu zen.

  Jakiunde gizartearen egungo erronkei buruzko gogoeta-foroa da, zientzia-zorroztasunean eta ezagutzan oinarritua, eta zientzien, arteen eta letren arteko jakintza-trukea bultzatu nahi du. Eusko Ikaskuntzaren ekimenez eratu zen 2007ko urrian, euskara eta euskal kultura kokatzen diren lurralde-eremuko unibertsitateen babesarekin; 2009az geroztik erakunde independentea da, eta 2019an onura publikoko erakunde gisa aitortu zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!