Enplegua sustatzeko programan Udalak deitu dituen lau lanpostuetarako izen-ematea ostegun gauerdian beteko da
Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzen babesean udalak 4 langile kontratatuko ditu, aldi baterako. Deialdia Lanbideren web atarian argitaratzearekin batera ireki da izena emateko astebeteko epea; ostegunean gauerdian beteko da.
Udalak, kale garbiketako bi pioi kontratatuko ditu, hiru hilabetez, jardun osoan. Lanpostu hauetara presentatzeko B motako gidabaimena izatea eta ibilgailuak gidatzeko inolako eragozpenik ez izatea eskatzen da. Administrari laguntzailea 6 hilabeterako kontratatuko du Udalak, % 50eko lanaldi partzialaz. Lanpostura aurkezteko, Derrigorrezko Bigarren Heziketa edo baliokidea izatea eskatzen da eta euskarari dagokionean B2 maila. Administraria, azkenik, 5 hilabeterako kontratatuko da, % 50eko lanaldi partzialaz, baita ere. Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloa edo baliokidea eta C1 euskara maila izatea eskatzen da. Kasu guztietan Oñatin erroldatuta egotea, antzerako lanetan duten esperientzia eta azken 18 hilabeteetan langabezian egondako denbora baloratu egingo da. Gainera, kale garbiketa pioi izateko, oinarrizko euskara maila izatea ere kontutan hartuko da.
Aldi baterako lau langile hauek abenduan zehar lanean hasiko dira. Horregatik, izen-emate epea astebetera mugatu da, hautaketa prozesua arindu eta kontratazioak lehenbailehen gauzatu ahal izateko.
Deialdi guztiak Lanbideren web atarian argitaratu dira eta izena ere bertatik eman behar da, osteguneko gauerdira bitartean. Gogoratu, laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea dela Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. Horregatik, 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!