Oñatiko udala

“Ez ginen atzera egiteko jaio! Frente al faxismo, feminismo!” lemapean dator azaroaren 25a

2026/11/23
Card image cap
Mobilizazioak eta zine klub saioa antolatu dira

  Oñatiko mugimendu feministak elkarlanean osatu du azaroaren 25aren inguruko aldarrikapen egitaraua: Bargastak talde feministak, Ikamak, Emakumion etxeko partehartzaileak, Lagun Leku eta Oñatiko pentsionistek, Bizitzak Erdigunean taldekoek eta norbanakoek bat egin dute asanblada ireki eta auzolan saioetan egitaraua osatzeko.

  Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna da eta bi elkarretaratze eta manifestazioa antolatu dira. Ikasleak plazan, 11:00etan egingo den elkarretaratzera deitu dira, adinekoak, berriz, eguerdian Olakuara. 12:00etan hasiko den elkarretaratzean genero indarkeriaz hildakoak bereziki oroituko dira eta edadeko emakumeek pairatzen duten indarkeria bistaratzen saiatuko dira, herriko pentsionistek eta Lagun Leku elkartekoek urtero egiten duten bezala. Arratsaldean, berriz, manifestazioa egingo da, plazatik 18:30etan abiatuta.

  Baina emakumeen aurkako indarkeria ikuspegi askotatik azaldu eta landu daiteke; hala, etxebizitzaren gaiarekin lotuta hitzaldia egin zen larunbat eguerdian Gaztetxean: Etxebizitza, emakumeon aurkako indarkeria-espazio hitzaldia antolatu zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Itaia Debagoienak. Ostegunean, berriz, zine klubarekin elkarlanean La buena hija filma proiektatuko da; indarkeria bikarioa da gaia, nerabe baten ikuspegitik. Kultur Etxeko zine aretoan izango den emanaldia 19:30etan hasiko da, ohikoa denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!