Zerbitzuen arduradun lanpostua bete nahi du Udalak
Kontratatu nahi den langileak Udaleko zerbitzuen ardura orokorra hartuko du bere gain eta zerbitzu-sailen arteko koordinazioa egin beharko du, hau da, kale-garbiketa, argiteria, ura edota lorezaintza zerbitzuen koordinazioaz arduratu beharko du. Udal plantilan hutsik dago zerbitzuen arduradun lanpostua, une honetan; inguruko udaletara jo da pareko perfila duten lanpostuak osatzeko lan-poltsen bila baina halakorik topatu ez denez Lanbidera jo da deialdia zabaldu eta interesa dutenek bertatik eman behar dute izena. Ekainarern 21a arte epea dago izena emateko.
Zerbitzuen arduradun lanpostura aurkeztu ahal izateko, ingeniari teknikoaren titulua, unibertsitateko diplomatura, arkitekto tekniko, hirugarren mailako lanbide-heziketa, ingeniaria edo arkitektoa, edo pareko titulazio akademikoa izatea eskatzen du Udalak. Euskarari dagokionean 4. Hizkuntza Eskakizunaren maila, C2 maila eskatzen da. Dena den, maila honetako hautagairik ez balego 3. HE duten hautagaiak onartuko dira, bigarren mailan edo ordezko gisa.
Antzerako lanetan duten esperientzia eta bestelako merituak baloratu egingo dira. Lehen fase horretan puntuaziorik handiena lortzen duten hautagaiak elkarrizketa pertsonal batera deituko dira, lanpostuarekiko eta bete beharreko eginkizunetarako duten egokitasuna baloratzeko. Bi fasetan lortutako puntuazioa batuta, behin betiko zerrenda argitaratuko da.
Lehenbailehen lanean hasteko gertu dagoen hautagai baten bila ari da Udala.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!