Oñatiko udala

Berakatz zopa lehiaketan parte hartzeko izena eman daiteke hilaren 22ra arte

2026/09/17
Card image cap
Iazko irabazleak
Zortzigarren aldiz egingo da lehiaketa, irailaren 30ean

  Bi pertsonaz osatutako taldetan parte hartu behar da berakatz zopa lehiaketan. Plaza mugatuak dira eta gehienez 15 bikotek parte hartu ahal izango dute. Lehentasuna oñatiarrei edo Oñatin erroldatutakoei emango zaie, baina dauden plazak baino jende gehiagok izena emango balu, zozketa egingo da. Parte hartzen duen bikote bakoitzari 20 euroko balioa duen bonoa emango zaio osagaiak erosteko. Udala arduratuko da lan-mahaiak jartzeaz eta parte hartzaileen esku utziko da sua eta ontziteria eramatea. Prestaketa lanak plazan egingo dira eta gutxienez 6 pertsonentzako kantitatea egin beharko da. Lehiakideek 13:00etarako prestatu beharko dute berakatz zopa. Epaimahaia prestaketa-lanak ikustera pasatuko da eta irabazlearen izena emango du, prestatutakoa probatu ondoren. Bi sari banatuko dira: 200 euro irabazleentzat eta 100 euro bigarren sailkatzen direnentzat. Parte hartzen duten guztien artean herriko jatetxe batean bi pertsonentzako afaria zozkatuko da.

  Irailaren 30ean, San Migel bixamon egunean, egingo da dagoeneko zortzigarrena den berakatz zopa lehiaketa. Parte hartzeko izena eman behar da, aurrez aurre Kultur Etxean, telefonoz, 943 780 353 zenbakira deituta edo posta elektronikoz: abikuna@onati.eus helbidera mezua bidaliz. Gaur ireki da izena emateko epea, irailaren 22ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!