Oñatiko udala

Udal langileak mobilizazioetara itzuli dira gaur

2026/09/17
Card image cap
15 minutuko elkarretaratzeei berrekin diete, lan hitzarmen berria eskatuz

  Bi hilabeteko etenaren ondoren irailaren 11an bildu zen berriro Udalhitzeko negoziazio mahaia. Azken bilera horretara eramandako proposamenak Udalhitz eguneratu eta hobetzen duten 90 neurri baino gehiago biltzen dituela dio EUDELek, baina garrantzizkoak diren eduki batzuetan nabarmen sakontzea falta dela diote sindikatuek, besteak beste, erosahalmena berreskuratzeko neurri zehatzetan, euskaraz lan eta bizitzeko neurrietan, publifikazioetan azpikontratatutako langileen subrogazio eskubidean, lanaldia gehiago murriztean eta errelebo kontratuan eta gazteberritze planetan. Hilaren 25ean bilera berria egingo dute bi aldeek eta bitartean mobilizazioei berrekiteko proposamena zabaldu da sektorean nagusi diren ELA eta LAB sindikatuetatik. Biek deituta 15 minutuko elkarretaratzea egin dute Oñatiko Udaleko langileek eguerdian eta beste horrenbeste egingo dute datorren ostegunean, Udalhitzeko mahaia bildu bezperan. Era berean, greba deituta dago urriaren 8an, Gipuzkoa Araba eta Bizkaiko udaletan.

  2010etik berriztu gabe dagoen lan hitzarmena eskatzen dute udal langileek eta bertan Gazteberritze planak txertatu daitezela, hau da, jubilatzeko adinera hurbiltzen doazen langileentzako lana aurrez uzteko aukera emango duten baldintzak eta neurriak txertatzea eskatzen dute. Kontu egin behar da, datozen 5-8 urteetan udal plantillako talde handi bat jubilazioa hartzeko adinera iritsiko dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!