Oñatiko udala

"Zer egin dezaket nik euskararen alde?" adierazpenarekin bat egin du Oñatiko Udalak

2016/12/02
Card image cap
Egunerokoan euskara hizkuntza erabili eta bizia izan dadin, ahalegintzen jarraitzeko konpromisoa hartzen da

  HAKOBAk, Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak zabaldu duen adierazpenak, 500 atxikimendu baino gehiago batu ditu, tartean, Oñatiko Udalarena.

  Adierazpenean, azken 40 urteetan euskararen egoera irauli izana aipatzen da lehenik. Belaunaldi zaharren hizkuntza izatetik belaunaldiarteko hizkuntza  eta batez ere, gazteen hizkuntza izatera pasa da euskara. Europako hizkuntza zaharrena izatetik, hizkuntza modernoa eta gaur egungo gizartera egokituta egotera pasa dela aipatzen da. Salto hori, gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker gertatu dela aitortzen da idatzian. Norbanako askoren eta kolektibo askoren ekimenaren esker lortu dela azpimarratuz. Gaur egun, euskara, gizarte kohesioaren funtsezko elementu bihurtu dela ere aipatzen du zer egin dezaket nik euskararen alde? izeneko adierazpenak.

  Orain arte egindakotik haratago, etorkizunera begira, euskararen erabilera areagotu eta zabaltzeko ahaleginean jarraitzeko konpromisoa hartzen dute adierazpena bere egiten duten guztiek. Hala, urratsak ematen jarraitu nahi dutela aitortzen da idatzian. Euskal Autonomia Erkidegoan legez parean dauden bi hizkuntza ofizial ditugula esaten da, nahiz eta bi hizkuntzen arteko berdintasun soziala oraindik ez den lortu. Zeregin horretan, ahalegintzen jarraituko dutela dio adierazpenak eta era berean, inguruan, gogo hori zabaltzen jarraituko dutela ere bai. Alegia, adierazpenaren izenburuak dioen bezala, euskararen alde norberak zer egin dezakeen galderari erantzunez eta galdera bera euskal gizarte osoan zabalduz jarraitzeko konpromisoa hartzen da.

  Oñatiko Udalak bat egin du zer egin dezaket nik euskararen alde?"adierazpenarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!